GARA
GASTEIZ

«Irudika»-k atea ireki die literatur agente eta editorialei

«Irudika» ilustratzaileen nazioarteko topaketa profesionalen hirugarren edizioa hartuko du Gasteizko Artium museoak urriaren 24 eta 26 bitartean eta, berrikuntza gisa, aurten literatur agenteek eta argitaletxeek ere parte hartuko dute. Hego Korea, Britainia Handia eta Argentina dira aurtengo herrialde gonbidatuak.

Aurreko edizioan nazioartekotzearen aldeko apustua egin zuen bezala, aurten ilustrazioaren munduan dabiltzan eragile ezberdinei atea ireki nahi izan die “Irudika” ilustratzaileen nazioarteko topaketa profesionalak. Urriaren 24 eta 26a bitartean izango da topaketa Gasteizko Artium museoan, eta Hego Koreako, Britainia Handiko eta Argentinako editorial, ilustratzaile eta agenteak gonbidatu dituzte. Argentinaren ordezkari gisa parte hartuko dute Maria J. Luke ilustratzaileak eta Limonero editorialak; Hego Koreatik, Miju Lee eta Josu Choi ilustratzaileak etorriko dira, eta Britainia Handitik, William Grill ilustratzailea eta Nobrow - Flying Eye Books argitaletxea.

Zinema eta bideoklipak, museoak, moda eta pattern diseinua izango dira topaketetako ardatzak eta ilustrazioko profesionalekin batera egindako lanak aurkeztuko dira. Hala, topaketan izango dira Javier Mariscal diseinatzailea, Lyona errealizatzaile-ilustratzailea, pattern eta oihal diseinuan dabiltzan Atakontu Kolektiboa eta Anna Emilia Laitinen finlandiarra, eta Balenciaga eta ABC museoetako ordezkariak.

Argitaletxe eta literatur agenteei zuzendutako topaketei dagokienez, Suitzako La Joie de Lire editorialeko Carina Diez Solari, Italiako Corraini Edizioniko Giovanna Ballin, Argentinako Ediciones El Fuerteko Juan Casal eta Sofia Noceti, eta Brasileko Revista Emiliako Dolores Prades izango dira Gasteizen.

“Irudika”-n izena ematen dutenek aukera izango dute hitzordu profesionalak eskatzeko gonbidatuekin (15 minutu), eurekin portfolioak ikuskatzeko, lanak erakusteko nahiz zalantzak argitzeko. Gainera, bost “tailer sorpresa” egingo dira, William Grill, Miju Lee, Jisu Choi, Miren Asiain eta Maria Luquerekin. Azkenik, ilustrazio eta animazio lehiaketak ere izango dira.