GARA
Iruñea

Nafarroako Legebiltzarra zatitu du berriro amei PFEZ atxikipenak itzultzearen auziak

Nafarroako amei amatasun laguntzagatik atxikitako PFEZ errenta zergaren itzulketak Parlamentuko taldeak banandu ditu beste behin, nahiz eta epaitegiek atzera bota zuten PSNk bultzatutako neurria.

Iragan astean epaia jakin ostean, PSNk adierazi zuen amen eskaerei erantzungo ziela, baina berme juridikoa izango zuen legezko formula batekin.

NA+ alderdiko Javier Esparzak PSNri erantzunez nabarmendu zuenez, bere taldearentzat «interes orokorrekoa da Nafarroako familiek ez dezaten jaso Espainiako gainerakoek baino tratu okerragoa». PFEZaren auzia «borondate politikoko auzia» dela gaineratu zuen. «Chivitek ez badu iritziz aldatu, Parlamentuan gehiengo nahikoa dago familiei PFEZa itzultzeko, salbuespen batzuk onartzeko», esan zuen.

Ramon Alzorrizek, PSNkoak, «lasaitasuna» eskatu, eta Chivitek gai honen aurrean duen konpromisoa gogorarazi zuen.

Geroa Baiko Uxue Barkosek, aldiz, dei egin zien Legebiltzarreko kideei ondo pentsatu dezaten zein izango den itzulketa hori egiteko aukeratuko den formula, baina ohartarazi zuen «zailtasun teknikoak» egongo direla horretarako.

Oraingo legediarekin ezin

Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak ere argi esan zuen egungo legediarekin ezinezkoa dela PFEZaren itzulketa gauzatzea, epaia «argia» baita. «Gai honetan lehentasunak ezin dira izan elektoralistak», adierazi, eta ohartarazi zuen testuinguru honetan «zaila izango dela» itzulketak gauzatzea «prebarikaziorik» egin gabe.

Podemoseko Mikel Builek, bere aldetik, «penagarritzat» jo zuen beste alderdien jarrera, eta «amen esperantzarekin jolastea» egotzi zien. Era berean, NA+ren proposamena deitoratu zuen, ama horientzat «kenkariak eta salbuespenak mantentzea» asmo duena. Hori «zentzugabea» dela esan zuen.

I-Eko Marisa de Simonek iragarri zuen lauko gobernuaren legea babestuko duela, «egoera ekonomikoaren arabera» saritzen dituelako amak.