Maider IANTZI GOIENETXE
DONOSTIA

«Epelkeriarik gabe» erantzuteko deia egin du Demokrazia Baik

«Gizarte zibila eta anitza gara. Bide ezberdinetatik gatoz». Hala aurkeztu zuten beren burua Demokrazia Bai plataforma osatzen duten kideek. «Ez dago bete beharreko leialtasunik autoritarismo huts bilakatu den sistema politikoarekiko, Espainiako nazioa eraikitzen denean Kataluniaren eta Euskal Herriaren eskubide nazionalak baztertuz edo zapalduz», baieztatu zuten.

Miren Azkarate euskaltzain eta Lakuako Kulturako sailburu ohia, Nekane Altzelai EAko legebiltzarkide ohia, Ramon Zallo EHUko katedradun emeritua, Esther Larrañaga Lakuan sailburu izana, Xabier Oleaga “Egin”eko zuzendari eta “Egunkaria”ko zuzendariorde izana, Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohia, Javier Madrazo Ezker Batuko koordinatzaile ohia... Euskal politika, unibertsitate, sindikalgintza eta kulturako lagun ezagunak batu ziren atzo, Donostian, Gorenak proceseko preso politikoen aurka ebatzitako epaiari erantzuteko.

Ekitaldira joan ezin izan duten arren, Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakari ohiek ere bat egin zuten denen artean adostu eta prentsaurrekoan irakurri zuten adierazpenarekin. Bide ezberdinetatik etorrita elkartu ziren, honako mezu bateratua zabaltzeko: «Epaia arbuiatzen dugu, eta izutu egiten gaitu ekartzen duen inboluzio sakonagatik (...). Prebarikatu egiten du demokraziaren dolu egun honetan».

Ezezko borobila elkarrizketari

Proceseko preso politikoek Kataluniako Parlamentuaren gehiengoa ordezkatzen dutela nabarmendu zuten, baita duintasun demokratikoa ere. Modu baketsuan, bide instituzionalei segika lan egin dutela erantsi zuten, eta elkarrizketaren bidez landu beharrekoa zela auzia. Epai honekin, ordea, «ezezko borobila» eman diete «nazionalitateen asmo demokratikoei (...) Ez dago antzerako epairik EBren baitan. Auzitegi berak duela astebete Altsasuko gazteen aurka azaldu zuen bezalako epairik ez dagoen bezala».

Erantsi zutenez, gertuegi daude Katalunia eta Euskal Herria euren zauria geurea bezala ez jasateko. «Euskal Herrikoa bezalako jendarte demokratikoak bere kontzientzia kritikoa azaldu behar du Estatu espainolaren aurrean, epelkeriarik gabe, hain baita erraldoia gehiegikeria hau».

Demokrazia Bai plataformako kide bakoitzaren ibilbide politikoak adierazten duen aniztasunetik, inboluzioaren aurka mobilizatzera deitu zuten euskal jendartea, eta instituzioak ere bai. Gure Eskuk larunbaterako antolatu duen manifestaziora batu ziren bereziki. Jakinarazi zutenez, bertan izanen da, adibidez, Carlos Garaikoetxea.