GARA
IRUÑEA

Gazte eragileak, bat eginik: «Gaur Altsasu da, bihar zu izan zaitezke»

Nafarroako Unibertsitate Publikoan agertu ziren prentsaren aurrean atzo gazte eragile ugari, bat eginik, Altsasuko auziaren azkeneko ebazpenak sortzen dien haserrea adierazteko. Baita kezka ere, honako mezu honetan laburbildu zutena: «Gaur Altsasu izan da, bihar zu izan zaitezke». Haien ustez, gertakarion trataera juridiko eta mediatikoak Altsasuko gazteria kriminalizatzeko saiakera uzten du agerian. «Horregatik deritzogu beharrezko Nafarroako gazte guztien kontzientziazioa. Halako epaiek gazteria eta gure eskubideak arriskuan jartzen dituztelako».

Auzian izandako gorabehera guztiak ekarri zituzten gogora eta gauza bakarra eskatzen dutela nabarmendu zuten: «Proportzionaltasuna, justizia eta oreka».

Epaiaren eta prozesu guztiaren aurka antolakunde eta erakundeen posizionamendu franko egon dela gogorarazi zuten gazteok, horietako batzuk «inolako oihartzunik izan ez dutenak», baita manifestazio oso jendetsuak ere, «gogoan ondo gordeak ditugunak». Eta egungo unera iritsita, gazteriari berriz ere mobilizatzeko deia egin zioten, «honi behin betiko amaiera emateko».

Bi hitzordu iragarri zituzten: hilaren 26an, larunbatarekin, 17.00etan Nafarroako Auzitegiaren aurrean elkartzeko deialdia; eta Altsasun azaroaren 2an “Txikitasunetik egia erein” lelopean antolatu den kontzertua.