Nagore BELASTEGI

Marilyn Solayaren filmak zabalduko du Bilboko Zinema Ikusezinaren 11. edizioa

Urriaren 24ra arte iraungo du gai sozialak lantzen dituen Bilboko zinema jaialdiak. Egitarauko 74 filmak 28 egoitzetan banatuko dituzte, gizarteko sektore desberdinengana iristeko. Agerleku horietako hamabi ikastetxeak dira, eta beste bat Bizkaitik kanpo dago, Gasteizera jauzi eginda. Gainerakoen artean, nagusiei eskainitako ekimenei lotutakoak daude. Horrez gain, solasaldiak ere antolatu dituzte, eta gaurtik aurrera erakusketa bat ikusgai dago.

Bilboko Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren 11. edizioa gaur hasi, eta hilaren 24an amaituko da. Bilboko Alondegian, 19.30ean, izango da irekiera ekitaldia, Marilyn Solaya kubatarraren “En busca de un espacio” lanaren estreinaldiarekin.

«Urteetako harremana daukagu berarekin, beste edizio batzuetan ere egon delako. Bere ‘Vestido de novia’ lanak arrakasta izan zuen gure jaialdian eta gerora Goya sarietarako izendapen bat izan zuen», kontatu digu Gorka Lopez Arantzamendi jaialdiko produkzio arduradunak.

Solayak, film berriaz gain, berak bultzatzen duen Todas proiektu feministarekin lotutako argazki erakusketa ere ekarri du aurten Bilbora (Zabalgune eraikina); atzo arratsaldean zabaldu zuten eta hilaren amaierara arte egongo da ikusgai. «Kubako feminismoaren eta sufragismoaren ibilbide historikoa ikusten da», azaldu digu Lopez Arantzamendik.

Aurtengo edizioan 1.343 lan jaso dituzte, iaz baino %53 gehiago, eta horietatik 74 aukeratu dituzte, 78 herrialde edo lurralde ordezkatzen dituztenak. Aukeraketa egiterakoan parekidetasunari garrantzi handia ematen diotenez, lanen %46 emakumeek egindakoak dira.

Bilboko Alondegia egoitza nagusia bada ere, antolatzaileentzat berebizikoa da era askotako publikoengana iristea. Horregatik 28 agertoki izango dituzte guztira –Bizkaitik kanpo dagoen bakarra Gasteizko Florida zinema aretoa da–. Agertoki edo egoitza horietatik hamabi lanbide heziketako eta batxilergoko ikastetxeak dira. «Horrek aukera ematen digu zinema soziala gazteengana hurbiltzeko, euren interesak eta kezkak ikusteko, eta horiek lantzeko, zinema tresna bezala erabiliz».

Gazteekin ez ezik, beste sektore batzuekin ere egiten dute lan. Bilboko Esperientzia Gelekin eta antzeko ekimenekin arituz, nagusiengana iristea ere lortzen dute. «Gaiok gizarte talde desberdinekin landu beharreko gaiak dira», nabarmendu du jaialdiko lantaldeko kideak.

Saio batzuen ostean solasaldiak prestatzen dituzte. Horiek noiz izango diren webgunean kontsultatu daiteke. Normalean, Euskal Herriko filmak badira, egileak gonbidatzen dituzte; eta nazioarteko filmak badira, film batzuk aukeratu eta horien ordezkariak gonbidatzen dituzte eztabaidak antolatzeko.

Zinema, eskura

Jaialdia urtez urte handituz joan da eta antolatzaileek, denborak ematen duen eskarmentuaz, ikusten dute jendeak baduela gai sozialekiko interesa, baina argi dago oraindik zeregin handia dagoela; «garrantzitsua da ikusezina den horri ikusgarritasuna ematen jarraitzea».

Herritarrei jaialdian parte hartzea errazteko, Alondegiko emanaldietarako sarrerak 2,70 euroan jarri dituzte salgai. Bestalde, lehiaketara edozeinek aurkez dezake bere filma, eta aukeraketa egiterakoan maila zinematografikoa kontuan hartzen duten arren, zer istorio kontatzen den eta nork kontatzen duen ere aintzat hartzen dute. Bestalde, aukeraketa batzordean parte hartzeko atea zabalik daukate, beraiekin harremanetan jartzea besterik ez dago, zineman adituak diren pertsonak baino nahiago dituzte gai sozialen inguruan jakintzak dituztenak.