GARA
bilbo

Olatz Arrietak jasoko du Euskal Kazetariak saria

Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak antolatutako Euskal Kazetaritza Sariek badituzte irabazleak. Olatz Arrieta (Astigarraga, 1971) izan da euskal kazetarien ataleko saritua; adierazpen askatasunaren Jose Maria Portell saria, berriz, Mugarik Gabeko Erreportariak (Reporters Sans Frontieres) gobernuz kanpoko erakundeari egokitu zaio; ibilbide profesionalaren saria, Elixabete Garmendiari; pertsonaia edo instituzio sozialaren saria Bizkaiko Elikagaien Bankuarentzat izan da eta kazetaritza digitalaren atalekoa, “Pikara Magazine” blogarentzat.

Euskal Kazetariak saria zortzigarren urtez eman da. Esan bezala, sariduna Olatz Arrieta kazetaria izan da, azken hogei urteetan ETBrentzat egindako berriemaile lanagatik. 2013tik Bruselan da eta Errusiatik (bi urtez) eta AEBetatik (hamahiru urtez) ere informatu du.

Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell saria Mugarik Gabeko Erreportariak (Reporters Sans Frontieres) gobernuz kanpoko erakundeak lortu du; hain zuzen, «2015ean hasitako ‘Collateral Freedom’ izeneko operazioaren bitartez, prentsa askatasunik ez dagoen hamaika erregimenetan (Txina, Saudi Arabia, Iran, Vietnam...) zentsuratutako 22 komunikabideri blokeoa kentzeagatik, milioika hiritarrek informazio aske eta independentea eskura dezaten».

Ibilbide profesionalaren sariaren 5. edizioan Elixabete Garmendia atera da garaile, «euskaraz egindako euskal kazetaritzan emakume aitzindaria izateagatik eta bere ibilbide apartari esker ona adierazteko». Euskarazko hainbat hedabidetarako lan egin du, bai idatzizko bai ikus-entzunezkoetarako, hala nola “Zeruko Argia”-n (gaur egun “Argia” dena), non bere ibilbidea hasi zuen, eta “Berria”-n, “Euskadi Irratia”-n, “Jakin”-en, “Emakunde”-n eta ETBn.

Pertsona edo instituzio sozialarentzako saria Bizkaiko Elikagaien Bankuak eskuratu du, «azken 25 urteotan egindako zarrastelkeriaren eta hurbilen dugun gosearen aurkako borrokagatik».

Sari horiez gain, aurten lehen aldiz banatuko dira Fotokazetaritza saria eta Ingurune Kazetaritza atalekoa; lehena, Juantxu Rodriguez (in memoriam) fotokazetariari eta bigarrena, Julen Rekondori. Sari-emate ekitaldia azaroaren 5ean egingo da, 19.00etan Bilboko BBK Aretoan.