A.A.
Txirrindularitza

Pello Bilbaok bi urterako sinatu du Bahrainekin

Bahrain Merida taldeak sei fitxaketaren berri eman zuen atzo, denak kolpetik, eta sei txirrindulari horien artean Pello Bilbao dago. Bizkaitarrak sekulako denboraldia egin du Astanarekin eta orain Mikel Landarekin bat egingo du talde berrian.

Pello Bilbaok –bi urterako sinatu du– bi etapa irabazi zituen aurtengo Giroan, eta iazkoan seigarren amaitu zuen sailkapen nagusian. 2018 horretan Dauphinen eta Alpeetako Tourrean ere etapa garaipenak lortu zituen 29 urteko gernikarrak.

Aurrez, Orbea, Euskaltel-Euskadi eta Caja Rural taldeetan ibilitakoa da Bilbao eta bereziki talde nafarrean lortutako emaitzei esker lortu zuen bere ibilbidean urrats garrantzitsua egitea, Astanarekin WorldTour mailan erabat egonkortu baita.

Espainiako Marca irratian aipatu zuenez, «akordioa aspalditik itxita zegoen». «Kontratua ofizialki sinatzea atzeratu egin da apur bat, baina baiezkoa emana zegoen. Mikel Landarekin hitz egin nuen proiektu berri honetan sartzeko aukeraz, denboraldiaren hasieratik landutako aukera izan da. Talde batek benetako interesa duenean eta Landa fitxatuta dagoela dakizunean dena askoz errazagoa da».

Kontuan izan behar da Bahrain taldeak proiektu berria ipiniko duela martxan, McLaren taldea sartu delako, eta britainiarrak buru izango ditu. Brent Copeland izango da managerra eta zuzendaria Rod Ellingworth.

«Hiru asteko probetan zentratuko gara, esperientzia dezente daukagun hainbat txirrindularirekin. Proiektuak itxura ona dauka», iritzi zion Bilbaok, aurkeztu berri den Tourreko ibilbidea taldeari ongi datorkiola onartuz.

Pellorekin batera talde eraberritura iritsiko diren besteak Rafa Valls espainiarra, Eros Capecchi italiarra, Marco Haller austriarra, Kevin Inkelaar herbeheretarra eta Scott Davies galestarra dira.

Sergio Martin ere, gora

Bestalde, Caja Rural-RGA taldeak jakinarazi zuen Sergio Martin gazte madrildarra ere talde profesionalera igoko dela datorren urtean.