GARA
IRUÑEA

Isilunea eta elkarretaratze sindikala, Antsoaingo lan istripu hilgarria salatzeko

Mohamed Zhairi Boutaleb zenaren alde minutu bateko isilunea egin zuten Nafarroako Parlamentuan. Kanpoan, sindikatuek deitutako elkarretaratzeak Antsoainen izandako azken istripu hilgarria salatu zuen.

Nafarroako Parlamentuak saioa izan zuen atzo eta hasi aurretik minutu bateko isilunea egin zuten, lan istripuen aurrean ezarritako protokoloari jarraituz. Mohamed Zhairi Boutaleb zenaren alde izan zen atzokoa. Tarte horretan zutik egon ziren.

Kalean, ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CGT sindikatuek ere hildakoari eta honen senitartekoei errespetua erakutsi zieten. Egindako elkarretaratzean, dagoeneko Nafarroan hamalau langilek galdu dutela bizia salatu zuten; horietatik bostek, azken hilabetean.

Mohamen Zhairi Boutaleb 46 urteko langilea Antsoaingo industria pabilioi batean lanean ari zen astelehenean ezbeharra gertatu zenean. Egokitze lanetan ari zen teilatuan eta bertatik erori zen, zazpi metroko altueratik.

Larri zauritu eta Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten. Zainketa intentsiboetako unitatean izan zuten, baina jasandako zaurien eraginez biharamunean hil zen.

Antzeko beste lan heriotza bat gertatu zen bi aste lehenago Erripagainan, eraikuntza sektorean hori ere. 32 urteko langile bat eraikitzen ari ziren eraikin bateko bosgarren solairutik erorita hil zen.

Sindikatuen esanetan, lan baldintza kaskarrak dira ezbehar horien arrazoia, lan egiteko segurtasun neurrien gabezia.

Heriotzaren berri zabaldu eta Antsoaingo Udalak bi dolu egun ezarri zituen. Eta astearterako bertan elkarretaratzea deitu zuen.

Egun horretan bertan beste langile bat hil zen, CAF enpresak Beasainen duen lantegitik etxera zihoala auto istripua izan ondoren.