GARA
BILBO

Milaka gazte kalea hartzen, hogei bat atxilotu eta Ertzaintzaren kargak

Ernairen deiari segituz, milaka gaztek hartu zituzten kaleak, batez ere Hego Euskal Herriko hiriburuetan, baina baita herrietan ere; Laudion, Bortzirietan eta Iruñerrian, esaterako. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Leioako campusean eta institutu batzuetan ere egin zituzten protestak.

Buruzagi katalanen aurkako epaia ez ezik, epaitegi berak, Auzitegi Gorenak, Altsasuko gazteen aurka ebatzitakoa ere arbuiatu zuten, “Ez dugu onartzen. Bota dezagun irentsi ez gaitzan” leloarekin egindako manifestazioetan. Egunotan «espainiar proiektu inposatzaile eta atzerakoiaren aurpegi injustuena ikusi dugu berriro. Injustua diogu, justiziaz mozorrotzen den legedia faxistak Altsasuko gazteen eta procesaren kontrako kondenei bide eman dielako. Aldatzeko prest ez dagoen erregimen autoritario honen aurrean, aukera bakarra dugu: independentzia», baieztatu zuten.

Trenbidea moztuta

Gasteizen gazte talde batek trenbidea okupatu zuen eta ordu laurdenera Ertzaintza iritsi eta altxatzen hasi zirenean, ertzainak borra-kolpeka oldartu zitzaizkien eta 19 lagun atxilotu zituzten, «desordena publikoa» egotzita. Geltokian atxiki zituzten eta, Dato eta Manuel Iradier kaleak moztu ondotik, ibilgailuetan eraman zituzten.

Bilbon ere tentsio uneak bizi izan zituzten, Gobernu espainolaren ordezkaritzaren aurrean, gazteek eserialdia egin eta ertzainek borra-ukaldika sakabanatu zituztenean.

Donostian, unibertsitateetatik atera zen manifestari zutabe bat eta Bulebarrean elkartu zen besteekin. Bertatik erdialdeko kaleetara zabaldu zituzten askatasunaren eta independentziaren aldeko oihuak. Ez zituzten ahantzi altsasuarrak ere.

Arratsaldean manifestazio gehiago egin zituzten Iruñean, Gasteizen eta Donostian, atxiloketei erantzunez. Sortuk babesa azaldu zien gatibu hartutako gazteei eta berehala aske uzteko eskatu zuen. Ernairen mobilizazioekin soilik ez, sindikatuek gaurko deitutakoekin eta biharko Gure Eskuk antolatu duenarekin ere bat egin zuen.