Haritz LARRAÑAGA
URRUÑA

Nafar Erresumako Kronoeskaladak itzulia Ibardinen amaituko da

Bihar amaituko da Ibardingo Elizalde bentan Euskal Presoen Sostengu Komiteak antolatzen duen kronoeskalada itzulia. Seigarren eta azken igoera egiteko prest dira adin, genero eta maila guztietako parte hartzaileak.

Urrun-Urbil Urruñako preso eta iheslarien sostengu komiteak goizeko bederatzietan finkatu du hitzordua. Bigarren urtez jarraian, Urruñako Sigma enpresaren aitzinean den biribilgunetik abiatuko dira txirrindulariak eta 6,43 kilometroko ibilbidea egin ostean, 405 metroko altueran dagoen Ibardineko kaskoan egingo dituzte azken metroak.

Asteazkenerako 25 lagunek izena emana zuten, baina gutxienez iazko parte hartze bera espero dute antolatzaileek; hau da, 45 lagunetik gora izan daitezke Nafar Erresumako Kronoeskaladak itzuliko finalean.

Lizarieta, Otsondo, Izpegi, Ibañeta eta Larraingo igoeretan lehiakideek eskuratutako puntuekin ranking bat osatu zen, eta itzuliko azken igoeraren ostean erabakiko da ranking horretako irabazlea nor den. Edonola ere, kirolari ez direnei ere parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek.

«Kirolari onenak 18 minutuan iritsiko dira helmugara eta azkenengoek, ostera, 30 edo 40 minutu beharko dituzte», adierazi zion GARAri Mattin Ruiz de Alda koordinatzaileak. Bere esanetan, ibilbide erraza da, baina azken 200 metroak gogorrak dira, %20ko malda baitago».

Hogei laguntzaile arituko dira Euskal Herriko zein Bearno eta Landetako parte hartzaileen beharrak asetzen laguntzen.

Guztientzat izango dira sariak, baina sari nagusiak, biomekanika analisiak eta kiromasajeak, irabazleentzat izango dira. Horrela, parte hartzeko nork bere motibazioa izan arren, guztiek bat egingo dute euskal presoen eskubideen defentsan.