2019/10/20

Euskarari buruzko epaiaren aurka errekurtsoa jartzeko eskatu dute

Nafarroako Auzitegi Gorenak euskarari buruz emandako sententziaren aurka errekurtsoa jartzeko eskatu zioten atzo Foru Gobernuari, Iruñean, Kontseiluak deitutako elkarretaratzean. Izan ere, epaileen erabaki horrek indargabetu egin ditu administrazio publikoan euskararen erabilera arautzen duen foru dekretuaren hainbat artikulu. Gizarte justu eta demokratikoa eraikitzen duten ardatzekin zuzen-zuzenean talka egiten du epaiak, salatu zutenez.

GARA|Iruñea
1020_eh-euskara

Kontseiluak deituta, ehunka lagun bildu ziren atzo Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, «justizia», «berdintasuna» eta «kohesioa» lelopean, eta Nafarroako Auzitegi Gorenaren azken epaiaren aurkako helegitea aurkezteko eskatu zioten Foru Gobernuari. Epai horrek administrazio publikoan euskararen erabilera arautzen duen foru dekretuaren hainbat artikulu bertan behera utzi zituen.

Sindikatu eta alderdi politikoetako ordezkariak bertaratu ziren. Nafarroako ELAko eta LABeko ordezkariek hitz egin zuten, Imanol Paskualek eta Imanol Karrerak, hurrenez hurren. Ondoren, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak hartu zuen hitza. Bilbaok justiziaren, kohesioaren eta berdintasunaren garrantzia azpimarratu, eta «gizarte justu eta demokratiko baten eraikuntzaren ardatzak» horiek direla gaineratu zuen.

Epaiak, aldiz, hiru ardatz horien aurka bete-betean talka egiten duela ohartarazi zuen. Halako sententziak paradoxikoak direla iritzi zion, eskubideak bermatzeaz arduratu beharko litzatekeen instituzioak berme horren aurka jotzen duelako.

Nafarroako lehendakariak, Maria Chivitek, euskara «berezko hizkuntza bezala» zainduko duela esan du, baina oraindik ez du argitu zer egingo duen Auzitegi Gorenaren epaiarekin.

Oztopo guztien gainetik, gaur Nafarroa Oinez Tuteran

“Izan argi!” lelopean gaur ospatuko da 2019ko Nafarroa Oinez Tuteran, Fontellaseko Argia ikastolak antolatuta. Tuterako Nekazaritzako Elikagaien hirian 3.200 metroko ibilbidea eta lau gune antolatu dituzte. Antolatzaileek 80.000 pertsona inguru espero dute.

Argia ikastolak bere ikastola eredua aldarrikatu nahi du. Era berean, ekimena Erriberan euskararen normalizazioaren aldeko urratsa izatea espero dute. Bertan, besteak beste, “Txikiak handi” manifestua sinatuko dute. Nafarroa Oinezen egitasmo iraunkorra da eta bere helburua da hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatzea. Alderdiek eta sindikatuek parte hartzeko deialdia egin dute. Antolatzaileek Nafarroako Gobernuaren eta Legebiltzarraren ordezkaritza zabala bertaratzea espero dute.

Tamalez, Gipuzkoako Aldundiak konponketa lanak direla medio asteburu osoan A-15 autobidea ixtea erabaki du. Gipuzkoako euskaltzaleek Tuterara joateko dituzten aukerak asko murriztu dira honela.