Haritz LARRAÑAGA
Surf

MEO Rip Curl Pro Portugal, WSL itzuliko azken-aurreko txapelketa abian

Portugalen egunotan egiten ari diren WSL itzuliko azken-aurreko lehiaketaerabakigarria izan daiteke. Final-laurdenetan dira. Medina kaleratua izan da.

Atzo arratsaldean egin zituzten nesken zein mutilen kategorietako txandak Portugalen jokatzen ari diren munduko surf lehiaketan. Txapelketa garrantzitsua da, azken-aurreko lehiaketa baita. Portugalen eskuratzen dituzten puntuekin joango dira surflariak Hawaiira itzuliko azken lehiaketan lehiatzera; ondorioz, aukeren eremua gero eta estuagoa da.

Mutilen kategorian, CT ranking orokorrean lehen postuan dagoen Gabriel Medinak Portugalen irabaziko balu, aurtengo munduko titulua eskuratzeko aukera anitz izango lituzke, baina rankingeko burua laugarren errondan kaleratu zuen Caio Ibelli brasildarrak (0,33 puntuko alde txikia atera zion).

Ikusmina handitzen

Medina kaleratua izan zen arren, alde handia ateratzen zien gainerako lehiakideei; beraz, aurtengo txapeldun izendatzeko aukera gehien dituztenen artean jarraitzen du brasildarrak. Gainontzean ordea, ez da ezusteko handirik izan.

Nesken kategorian, WCT rankingean lehen lau postuetan diren lau lehiakideak final-laurdenetan dira, hortaz, nesken rankingean ere ez da aldaketa handirik espero Portugalgo txapelketa amaitu ostean.

Ordea, Carissa Moorek Portugalen irabaziko balu eta rankingean bigarren postuan den Lakey Peterson finalerdietara iritsiko ez balitz, hawaiiarrak titulu mundiala lortuko luke.

Bestalde, Moore final-laurdenetan kaleratzen badute, Hawaiin egingo duten itzuliko azken lehiaketan egun lehen lau postuetan diren lehiakideek izango dute aurtengo koroa irabazteko aukera gehien, hau da, Carissa Moore, Lakey Peterson, Sally Fitzgibbons eta Caroline Marksek.

Mutilen kasuan ostera, Medina kaleratu zutenez, eta rankingeko hurrengo hiru lehiakideak oraindik lehian direnez, ez da emaitza erabakigarririk izango Portugalen, baina zirkuituko azken lehiaketarako lehen lau surflarien lidergoa finkatuko da.

Olatu zailak dira Portugalgo Peniche eskualdean izaten direnak, eta ondorioz, emaitzak ere edonolakoak izan daitezke.

Esate baterako, aipagarria izan zen pasa den astean Kelly Slaterrek erakutsi zuen indarra, bazirudien aspaldiko partez txapelketa bat irabazteko zorian zela, baina Kanoa Igarasi japoniarrak kaleratu zuen laugarren errondan. Portugalen gerta daitekeenaren adibide garbia izan zen. Txanda batean hamarrekoak lortzen dituen lehiakideak, itsasoko baldintzak aldatu gabe, puntuazio oso baxuak jaso ditzake hurrengo txandan. 

Honi buruzko guztia: Surf