GARA
BILBO

Sareren herriz herriko bira Erandiora helduko da gaur, Uribe Kosta pasa ostean

Larri gaixorik diren presoak aska ditzaten aldarrikatzeko joan den ostegunean abian jarri eta herriz herri dabilen Sare mugimenduaren dinamika mobilizatzaileak Uribe Kosta izan zuen atzo agertoki. Gaur, berriz, Berangoko Errotatxu poligonotik abiatuko da 17.30ean auto karabana, presoon egoeraren larritasuna sinbolizatzen duen anbulantzia buru duela, Erandiora bidean jartzeko.

Ekimen honen aurkezpenean, Sareko ordezkariek nabarmendu zuten eritasun larriak eta kartzela ez direla bateragarriak, gogorarazi zuten EPPK-ko hainbat preso daudela gaixorik eta honako mezua helarazi zieten agintariei zein herritarrei: «Ez gara eskatzen ari legerian jasotzen ez den ezer. Legea betetzea eta gizatasuna baino ez dugu eskatzen. Hain zaila da beren legeria bera aplikatzea?».

Horixe bera, salbuespenezko legeria bertan behera gera dadin, hain zuzen, eskatzen dute astero-astero elkarretaratze bidez hainbat udalerri eta auzotan. Atzo ere izan ziren halako mobilizazio zenbait: 36 lagun batu ziren Gernikan, 34 Ondarroan, 35 Iurretan, 16 Astigarragan, 44 Laudion; Zaldibian, Altzan eta Iruñean ere mobilizatu ziren. Igandean, 35 Altsasun.

Ostiralean halako protesta mordoska bat egin zituzten: Añorgan 33 pertsona mobilizatu ziren, Beasainen 43, Lizarran 40, Deban 41, Legorretan 22, Ondarroan 163, Algortan 50, Lezon 17, Beran 19, Oiartzunen 50, Errenterian 154, Gasteizen 350, Etxarri Aranatzen 66, Lekeition 78, Bergaran 41, Oñatin 71, Zarautzen 120, Zornotzan 62, Agurainen 31, Amurrion 60, Lazkaon 67, Andoainen 34, Arbizun 30, Galdakaon 89, Iruñean 150, Berriozarren 30 eta Donostian 78.