Amaia U. LASAGABASTER
Futbola

«Gure arteko elkartasunak indarra eta babesa ematen digu»

Grebara joatea erabaki tristea dela onartzen du Ainhoa Tirapuk, baina jokalarien ausardia eta elkartasuna azpimarratu du.

«Nire bizitzako egun tristeenetakoa da», onartu zuen Ainhoa Tirapuk, AFEko bozeramaile lanetan Lehen Mailako jokalariek deitutako grebaren berri eman ondoren. 24 ordu beranduago, sentsazio berbera zeukan, baina baita bi konbentzimendu ere: batetik, futbolarien lan hitzarmena adosteko negoziazioak izan duen garapenak –edo garapenik ezak, hobeto esanda– ez duela beste irtenbiderik utzi; eta, bestetik, jokalariak indartuta irten zirela astelehenean Madrilen egindako bileratik.

Parte-hartzea bera nahiko adierazgarria izan zen. Lehen Mailan dauden 320 jokalari ingurutik ehun bat atzerritarrak dira, eta gainontzekoetatik, 180 bildu ziren. «Hori da positiboena –azpimarratu du AFEko Emakumezkoen Futboleko Komitearen presidenteordeak GARAre- kin solasean–, hainbeste pertsona elkarrekin eta norabide berean joatea». Bozketan ere islatu zen, %93k eman baitzion baiezkoa grebari. «Ez da erabaki erraza», batez ere greba mugagabea izango delako, «baina emaitza oso argia izan zen. Hainbeste pertsona ikustea puntu horretara heltzeko prest oso adierazgarria da. Baina gure arteko elkartasunak indarra eta babesa ematen digu eta, egun tristea izan arren, oso positibotzat hartzen dut elkartasun hori», gaineratu du.

Bozketaren aurretik, jokalariek egoerari buruzko iritziak eta ikuspuntuak trukatu zituzten. Ondorioa nabarmena da, kokoteraino daude, baina xehetasunetan sartuta, Tirapuk argi utzi nahi du euren nekeak oinarria daukala. «Urtebete daramagu hitz egiten, puntu garrantzitsuenetan inolako aurre- rapausorik eman barik. Negoziazioekin hasten zarenean adostasun batera heltzeko ilusioa daukazu, bestela ez zenuke negoziatuko eta zuzenean grebara joango zinateke». Baina hasierako ilusio hori itzaltzen joan da hilabeteak eta bilerak pasatu ahala. «Beti dago zer edo zer ez sinatzeko. Atzo izan zen ‘a’, gaur ‘b’, bihar ‘c’ eta etzi ‘d’ izango da. Aitzakiak daude beti», ACFFren (Emakumezkoen Futboleko Kluben Elkartea) aldetik.

Atezain nafarrak onartu du puntu batzuetan akordioa gertu ikusten dela, adibidez, amatasunari dagozkion gaietan. Ez, ordea, jokalarien iritziz garrantzitsuenak diren aldarrikapenetan, hau da, lanaldiari dagozkionetan. Kirolarien hasierako eskakizuna lanaldi osora heltzea izan bazen ere –gaur egun Athleticek eta Bartzelonak baino ez dauzkate euren jokalari guztiak horrelako kontratuekin, gainerakoak kasu askotan lanaldi erdira ere ez dira heltzen–, %75era jaitsi dute. Hor dago beraien marra gorria. Klubak, berriz, ez dira %50etik igotzeko prest azaldu. «24 ordutan gara futbolariak. Lan saioak, partidak, bidaiak, prentsaurrekoak... Astean ez dira hogei ordu bakar-bakarrik». Horren aurrean ACFFk eskainitako argudioek ez dituzte jokalariak konbentzitzen. «Eredu bezala jartzen ziguten 40.000 euroko fitxa, baina %50eko lanaldia zuen jokalari bat lanaldi osora igotzeak beste 20.000 euro suposatuko lukeela –azaldu du Tirapuk–. Baina zenbat jokalari daude horrela? Eta zergatik eskaintzen dira horrelako kontratuak? Gero esan ziguten gaur egun dauden kontratu guztiak lanaldi osokoak bilakatzeak 1,6 milioiko gastu estra eragingo liekeela klubei. Baina hori kopuru osoa da, taldeka banatuta asko murrizten da».

AFEko ordezkariek, gainera, kluben aldetik jasotzen duten informazio eskasa salatu dute. «Zenbat gastatzen duten askotan esaten digute –zenbakiak aldatzen badira ere–, baina ez zenbat hartzen duten, tele- bistetatik, erakundeetatik... Eta horrela zaila da zehaztea nola egiten dituzten kontuak eta zer den posible eta zer ez. Edozein kasutan, negoziazioak hasi aurretik AFEk bere ikerlanak egin zituen, gutxieneko zer soldata eskatu daitezkeen jakiteko, ez da une batetik bestera okurritu zaigun zenbaki bat».

Ildo horretan, «ez da diru kontua bakarrik» azpimarratu nahi du, gainera, Athleticeko kapitainak. «Eskubideak dira, lan baldintzak, duintasuna. Horregatik guztiagatik borrokatzen gara».

Borroka horrek, momentuz, grebara eraman ditu futbolariak. Tramite burokratikoek oztopatzen ez badute, azaroaren 2an hasiko da.

Gainontzeko sindikatuek bat egin dute

Euren ordezkagarritasuna oso txikia da futbolarien artean, baina borroka berean parte hartzen dute. Futbolistas ON eta UGTk, hau da, hitzarmenaren negoziazio mahaian jartzen diren gainontzeko sindikatuek bat egin dute AFEko jokalariek deitutako grebarekin.

Azken orduetan asko izan dira ere sare sozialen bidez futbolariei sostengua eskaini dietenak. Besteak beste, FIFPro edo EH Bildu, baita hainbat jokalari ohi eta Lehen Mailan jokatzen duten beste hainbat atzerritar ere.

Patronalaren jarrera kontrakoa da. ACFFk ez du oraindik adierazpen ofizialik egin, baina Ruben Alcaine presidentearen esanetan, «ez daude grebara deitzeko baldintzak». «Nire ustetan grebara deitzen da ordaintzen ez denean, eta hori ez da gertatzen, edo asko irabazi arren banatzen ez denean, eta hori ere ez da gertatzen –esan zuen, RTVEk jasotako adierazpenetan–. Sartzen den diruaren arabera ordaintzen da, baina bueno... Egin dezatela. Guk ezin dugu horrenbeste arriskatu». A.U.L.