Pello Zabala
Eguraldian aditua
AZKEN PUNTUA

Udazken margolari

Urriak eman zigun berea, atzo artekoan justu; eta egia esan, neurriko artista porta zitzaigula esango nuke: udagoienetik beheraka ekarri gaitu azken hilabete eta erdian, eta benetako koska nabarmenik gabe.

Izan dira makina bat urri zoroxka, euri-jasetatik eta elur koxka nasaiak tarteko, xelebre portatzen jakin dutenak. Halatsu ageri zaigu azken 60 urteotan Arantzazuko komentuko fraide jakintsu haiek apuntatukoetan.

Benetan, poliki eta xuabe portatu zaigu aurtengoan: beheko zokoetan izotz ahul eta bakanak; hemen aldiz, behin bakarrik, eta apenas ere bazter ohikoetan. Eta hori, eguzkia presentzia zabalean eta nahiko airoso ibili zaigularik: laino-mantatxoa duguneko, ez baita izotz eta leialdirik izaten.

Aldiz, hiru egunetan bakarrik gorde zaigu lotsati eguzkia; epeltze lantxo finaz goxatzeko, halere, hogeita zortzi egunetan bixitatu gaitu urri pasa berrian. Jakina, epel eta eguzkitsu, pentsa, ehun eta laurogeita bi ordu pasatxo zabaldu zaigu eguzki jaun maitagarria landareen pozgarri eta goxagarri.

Halakoxea izan da urritxo maitagarri honen portaera: mendi malda eta erreka txokoak, baso leun gozoak, pinturero margotu ditu aurten: jantzixka finki aldatuz, jada motelduz badoa ere.