2019/11/08

Feminizidioa salatu dute kalean Baionan izandako azken hilketaren harira

Euskal Herrian izandako azken hilketa matxista salatu zuten atzo kalean. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak eta Iparraldeko mugimendu feministak elkarretaratzeak egin zituzten. Hildako emakumearen bikotekidea epailearen aurretik pasatzekoa zen atzo.

GARA|BAIONA
1108_eh_baiona1

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak eta Iparraldeko mugimendu feministak deituta, elkarretaratzeak egin zituzten atzo arratsaldean, Baionan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Indarkeria matxistaren aurkako taldeek deituta eta “Beste emazte bat eraila Baionan! Aski da! / Un nouvau féminicide à Bayonne, réagissons” lelopean egin zen elkarretaratzea Baionako Herriko Etxeko plazan. «Egoera oso larria da hemen, baina badirudi gure gizarteak ez duela kontuan hartzen», nabarmendu zuen bertaratutako emakume batek.

‘‘Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista!’’ lelopean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen ere elkarretaratzeak izan ziren iluntzean. Iruñean, berriz, bihar egingo dute.

Larunbatean atxilotu zuten Baionako apartamentu batean hilik aurkitu zuten emakumearen bikotekidea. Gizonak berak deitu zuen larrialdi zerbitzuetara bikotekidea etxean hilik aurkitu zuela esanez.

53 urteko emakumearen gorpuak ubeldura ugari zituela adierazi zuten bertaratu zirenek. 52 urteko gizona atxilotu eta behin-behinean kartzelatu zuten.

Autopsia Bordelen

Gizonak lehen unetik ukatu zuen heriotzarekin zerikusia duela, nahiz eta indarkeria matxistagatik aurrekariak dituen. Etxera heldu zenean emaztea hilik aurkitu zuela esan zuen.

Epailearen aurrean deklaratu zuen atzo eta ez zen baztertzen autopsiaren emaitzak ezagutu arte atxilotua kartzelan mantentzea erabatzikea.

Marc Mariee fiskalak emaztearen heriotzaren arrazoiak guztiz argitzeko aginduriko autopsia atzo egin zuten Bordelen. Horren emaitzak egun batzuk barru ezagutuko dira. Mariee prokuradoreak atzo baieztatu zuenez, emakume honen hilketaren gainean sumario judiziala ireki da eta kasua epailearen esku geratu da; beraz, berak hemendik aurrera ez du horren gaineko informaziorik emango.

Lau emakume hil dira Euskal Herrian aurten indarkeria matxistaren ondorioz, horietako hiru Ipar Euskal Herrian. Joan den ekainaren 17an Mavie Nervi atzeman zuten hilik Urruñan. 81 urte zituen eta senarrak tiro egin zion, bere buruaz beste egin aurretik.

Handik zortzi egunetara, Bardozen 91 urteko bikotekideak eskopetaz hil zuen Chantal Monte (72 urte) emaztea. Ondoren, honek ere bere buruaz beste egin zuen.

SUMARIOA


Fiskalak sumario judiziala ireki dutela adierazi zuen atzo, eta kasua epailearen esku geratu dela.