2019/11/08

Lan eskubideak ezagutarazteko webgunea jarri du martxan LABek

LAB sindikatuak Bizilan.eus webgunea aurkeztu zuen atzo Bilboko egoitzan. Langileei baliagarriak zaizkien informazioak ezagutarazteko abian jarritako tresna da. Azaldu zutenez, sindikalismoa hain barneratuta ez duten kolektiboei bideratuta dago tresna berria, bereziki: etxeko langileak, gazteak, migranteak, autonomoak...

Asier ROBLES|BILBO
1108_eko_lab1

LAB sindikatuak Bizilan.eus webgunea martxan jarri zuen atzo. Igor Arroyo LABeko idazkari nagusiaren ondokoak eta Sonia Gonzalez webgune berriaren arduradunak sindikatuaren Bilboko egoitzan egindako aurkezpenean nabarmendu zutenez, «langileria osoari baliagarriak zaizkion informazioak ezagutarazteko sorturiko tresna» da Bizilan.eus.

«“Langile” hitza erabiltzen dugunean lanean, langabezian, ikasten edo erretiratuta dauden pertsonen inguruan hitz egiten ari gara. Horregatik, Bizilan.eus webguneak kolektibo horien guztien egoera hartzen du kontuan», nabarmendu zuen Sonia Gonzalezek.

Bizilan.eus atarian langileen eskubideen inguruko informazio «argia» aurkitu daiteke; ohiko zalantzak, kolektibo bakoitzaren eskubideak, informazio osagarria… Gainera, zenbait kolektiborentzat atal espezifikoak sortu dituzte, bereziki sindikalismoa hain barneratuta ez duten giza taldeei begira, hala nola, etxeko langileak, gazteak, migranteak, autonomoak, pentsionistak, prestazioak jasotzen dituztenak, aniztasun funtzionala dutenak... «Horrelako egoera prekarizatu batean dauden langileek euren buruak indartzeko tresna baliagarria dela uste dugu», nabarmendu zuen Gonzalezek.

Informazio praktikoa ematea da proiektuaren helburua, horregatik, kaleratze baten aurrean, kontraturik gabe lanean ari bazara, bajan bazaude, gizarte segurantzan alta ematen ez badizute... zer egin eta nora jo azaltzen da atarian, besteak beste. Hain zuzen, bi galderon erantzunak funtsezkoak dira atarian, lan arloko zalantzekin batera.

Webgunea sareratzea azken urteetan LABek martxan jarritako lan ildoaren «beste emaitza bat» dela adierazi zuen Arroyok. «Duela bi urteko biltzar nagusiaren ondoren argi eta garbi ikusi genuen sindikalgintza birpentsatzeko beharra zegoela. Prekarizatutako hainbat sektorek oso urruti ikusten dute sindikalgintza, eta hainbat eremu sindikatu gabe daude oraindik», aitortu zuen.

Langileengana gerturatu

Horregatik, LAB sindikatua langileria osatzen duten kolektibo ezberdinetara «gerturatu» egin behar zela ikusi zuten, «langile subjektua bere aniztasun osoan kontuan hartuz, horren barruan dauden kolektibo guztientzako eskaintza eraginkorrak eginez». Helburu horrekin jarri dute abian Bizilan.eus webgunea.

Webgunea euskaraz zein gazteleraz dagoen arren, testuak ez direla itzulpenak izango nabarmendu zuen Gonzalezek. Informazio batzuk ingelesez eta frantsesez ere jarriko dituzte. Oraindik informazio «asko» falta dela aitortu eta egunero gauzak gehitzen jarraituko dutela aurreratu zuen. Bestetik, jendearen parte hartzea ere bilatzen dute, eta zalantzak eta kezkak mahaigaineratzeko atal bat zabaldu dute webgunean.

Azkenik, martxan jarritakoa tresna «osagarria» izango dela nabarmendu nahi izan zuen Arroyok. «Guk ez dugu pentsatzen sindikalismoa online egin daitekeenik, baina bai iruditzen zait online bitartekoak erabili daitezkeela sindikalgintza berritu hori bultzatzeko, eta xede horrekin sortu dugu Bizilan.eus».

BIZILAN.EUS


«Egoera prekarizatu batean dauden langileek euren buruak indartzeko tresna baliogarria dela uste dugu», nabarmendu zuen Sonia Gonzalez atariaren arduradunak.