2019/11/09

Iluntasunean beti pizten da argi bat

«Irteera argiak» Eñaut Elorrietak bakarka egiten duen bigarren diskoa da, «Deserriko kantak» lanaren ostean. Beste argi guztiak itzaltzen direnean pizten diren argiez mintzo da bertan, eta, horretarako, «soinu natural eta berezien bila» joan da. Erredundantzia ez interesgarrietatik alde egin du. «Emozioak bilatu ditut dramatik eta euforiatik pasatu gabe», azaldu du. Lehen zuzeneko kontzertua Andoaingo Bastero kulturgunean eskainiko du, hilaren 22an.

Oihane LARRETXEA|DONOSTIA
1109_kul_elorrieta

Bi urteko lanaren fruitua da “Irteera argiak” (Elkar). Tarte horretan barrura begira jarri da Eñaut Elorrieta (Gernika, 1975), gero kanpora begira jartzeko. Eta soilik grabatu ondoren, diskoa entzuten jarri zenean, ohartu zen musikaria «ahotsarekin soilik hasi eta ahotsarekin soilik bukatzen» dela. Bederatzi kantu dira plazaratu dituenak. Lau berak idatziak dira, eta bidelagun izan ditu zeregin horietan gainontzekoak idazteko Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Jose Luis Otamendi eta Joseba Sarrionandia idazleak.

Elorrietaren bakarkako lehen diskoa, “Deserriko kantak” (2013), «kontzeptuala» zen gaiari zegokionez; bigarren hau ez du termino horietan kokatu, baina musikalki hala dela kontatu zuen atzo. «Joan gara soinu natural eta berezien bila. ‘Irteera argiak’ beste guztiak itzaltzen direnean pizten diren argiez mintzo da, larrialdi egoeretan pizten direnez», zehaztu zuen.

Diskoa bidaien bidez aletu zuen atzo, Donostian egindako aurkezpenean. Horietako bat da «heriotzatik bizitzara» doana. Ziklo aldaketak aipatu zituen, tartean, eta besteak beste, Euskal Herriak bizitu duena, garai bat itxi eta beste bat irekiz. Inguratzen gaituenak ez ezik, azalean bizitakoak ere jaso ditu. «Nire ziklo bitala ere hemen dago. Azken urteotan gauza garrantzitsuak bizi izan ditut: aitatasuna, galerak nire inguru hurbilean…», aipatu zuen.

“Deserriko kantak” lanean behar zuen «deseraiki», eta hori «obsesioa« izatera ailegatu zela aitortu zuen. Ondoren, “Harian” proiektuarekin biluztu egin zen. Orain, «eraikitzera» etorri da. Horretarako sasoia zela sentitzen zuen.

«Gai sozialetatik gai existentzialetara» da beste bidaia bat, tartean landuz maitasuna, heriotza, bizitza… Bere galbahetik betiere. Ildo horretan, bere lan pertsonalena dela uste du. «Ziklo aldaketa honek laguntzen digu ikusten orain arte politikotzat ez genituen gaiak ere oso politikoak direla: gurasotasuna, etxekotasuna, maitasuna bera...», aipatu zuen.

Drama eta euforiarik gabe

Iluntasunetik argira ere egin du bidaia. «Gai gordinak jorratzen ditut disko honetan, baina badago kantu guztietan nahi bat argira joateko». Eta hortxe izenburuaren azalpena: “Irteera argiak”. Saiatu da «sakonkeriatik alde egiten sakontasuna galdu gabe», eta, horretarako, hainbat estrategia erabili ditu: nagusiena erredundantzia ez interesgarrietatik alde egitea. «Letra bat oso dramatikoa bazen, saiatu naiz doinuarekin hori ez indartzen, gauza sakonez hitz egitean hitz arinak erabiltzen, melodia ez dramatikoak baliatuta». Formula horrek gehiago urbiltzen zuen interesgarria zitzaion «leku horretara». «Emozioak bilatu ditut dramatik eta euforiatik pasatu gabe».

Bakardadetik elkarbanatzera ere jauzi egin du. Edo bidaiatu. Elorrietaren hitzetan, prozesua «oso bakartia» izan da, eta «goizeko» diskoa da, izan ere, eguneko lehen izpiekin Getariako baserri batean aritu da lanean. Ondoren hasi zen elkarbanatzen, lehendabizi letrak Uxue Alberdirekin eta ondoren musika Ruben Caballerorekin.

Sorkuntza fasean aldaketa ere bizi izan du lan honekin. «Normalean grabaketa estudiora gauzak oso lotuta joaten naiz, baina orain, lehen aldiz, bertan konpartitu nuen lana, irekita joan nintzen». Hortxe izan du erronka, aitortu zuenez, «nahiko kontrolatzailea» baita.

Disko hau «ahotsaren aldeko apustua» da. Garbi adierazi zuen Elorrietak: «Tonu baxuagoan aritu naiz eta giro ilunagoetan murgildu naiz». Letrei, dagokienez, ahotsa gehiago landu du, eta «lurra eman» dio bildumari. «Baxua sartu dugu. Nire obsesioa ere bazen hori: ahotsa eta gitarrarekin bakarrik defenda zitezkeen abestiekin soilik egin dut aurrera, horregatik, beste asko bidean gelditu dira», onartu zuen.

KONTZERTUAK


Aurkezpen birako lehen kontzertua hilaren 22an izango da, Andoaingo Bastero kulturgunean. Ondoren etorriko dira Urruña (azaroaren 24an Iturbidea aretoan), Bilbo (abenduaren 1ean Arriaga antzokian) eta Donostia (abenduaren 22an Victoria Eugenia antzokian).