Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Kezka

Bolbora bezala zabaldu da albistea. Rap musikari ezagun batek berriki adierazi du alaba urtero eramaten duela medikuarengana himena txekeatzera, sexu-harremanik izan ez duela ziurtatzeko. Alabari dion maitasun handiaren adierazle moduan aipatu du anekdota; aita on baten legez ez du alabak bere etorkizuna zapuzterik nahi haurdun geratuta. Maitasun keinu bat baino gehiago, ordea, rap musikariak alabaren himenarekiko azaldutako jarrera gizonezkoek emakumeen gorputzen eta zehazki sexualitatearen gainean ezarritako kontrol zorrotzaren adibide garbia dela salatu dute askok.

Paradoxikoa ere bada emakumeak etengabe degradatzen dituen rap komertzialean diharduen norbaitek emakumeekiko etorkizunaren gainean kezka agertzea. Edo agian ez da hain paradoxikoa, azken batean sexismoaren barruan sartzen baita aitek alabekiko agertu behar duten gehiegizko ardura: gizonezkoek zuzenduriko mundu batera egokitu behar dituzte, aurreikuspen jakin batzuk bete ditzaten. Duela gutxi gizonezko ezagun batek kontatzen zidan nola aita-alaben artean azaldu ezina den maitasun bat dagoen, beste familia kideekiko senti daitekeena baino askozaz baliotsuagoa eta indartsuagoa omen den maitasuna. Ezagun berak maiz kritikatzen du alaba (behin baino gehiago esan izan du «oso azkarra ez da») berak nahiko lukeen moduan janzten, hitz egiten edo jokatzen ez duelako. Jakina, berak ez du kritika hitza erabiltzen alabarekiko jarrera azaltzeko orduan, are gutxiago kontrola; “kezka” da berak agertzen duena, aita on baten legez.