Iraia OIARZABAL
DONOSTIA

Joera abertzalea berretsi du Gipuzkoak eta eskuina bazterrean utzi du berriro

EAJ eta EH Bildu aise nagusitu dira Gipuzkoan, beste behin ere. Bina eserleku eskuratu dituzte alderdi abertzaleek Diputatuen Kongresuan, eta PSEk eta Unidas Podemos alderdiek bana. Eskuinak bazterreko aukera izaten jarraitzen du herrialdean eta EH Bilduk emaitza hobetu du.

Sorpresa handirako tarterik ez zegoen Gipuzkoan atzoko bozetan. Joan den apirilaren 28an izandako emaitzak errepikatu dira herrialdean, beste behin boto abertzalearen aldeko joera nabarmenduz, parte hartzea zerbait jaitsi arren.

EAJ eta EH Bildu erraz gailendu dira, Gipuzkoan tradizionalki abertzalea den bozari eutsiz, nahiz eta Estatu mailako hauteskundeak ez diren mesedegarrienak alderdi txikientzako. A28ko bozen ostean gobernua osatzeko ezintasunak utzitako etsipenak eta eskuinaren gorakadak markatu dute kanpaina; horren aurrean, Gipuzkoak klabe abertzalean erantzun du.

Zenbaketa %100ean amaituta, apirileko hitzorduko eserleku banaketa bera utzi dute atzoko emaitzek. EAJk eskuratu ditu boto gehien, 116.125 (%30,57). Hala bi eserleku izango ditu Madrilgo Kongresuan. Beste hainbeste ordezkari izango ditu EH Bilduk, parte hartzea jaitsi arren boto kopuruan gora eginez; 98.391 boto batu ditu (%25,90). Hala, ordezkaritza berbera izango da. Joseba Agirretxea eta Estibaliz Alkorta alderdi jeltzaletik eta Mertxe Aizpurua eta Jon Iñarritu talde soberanistatik.

Sei eserleku dagozkio Gipuzkoari Kongresuan, eta laugarrena Odon Elorza Donostiako alkate ohiarentzat izango da PSEren aldetik, emaitzak apur bat jaitsi eta 68.663 (%18,08) boto lortuta. Azken eserlekua, Pilar Garridok lortu du Unidas Podemosentzat, 56.787 (%14,95) botorekin. Alderdi moreak beheranzko joera erakutsi zuen apirilean eta atzo beste puska bat galdu zuen, 15.000 boz inguru.

Oraingoan ere PP alderdiak ez du ordezkaritzarik lortu, igoera txiki batekin 23.373 boto jasota (%6,15). Ezta Ciudadanos eta Voxek ere, aurrekoan bezala, Gipuzkoan eskuin atzerakoia bazterreko aukera dela erakutsiz.

Parte hartzeari dagokionez, %68,29koa izan da; iragan apirilaren 28an, berriz, %71,02koa izan zen.

Senatuari begira jarrita, Gipuzkoari dagozkion lau eserlekuetatik hiru EAJrentzat izango dira eta bat EH Bildurentzat. Alderdi jeltzaletik Maribel Vaquero, Mertxe Garmendia eta Luke Uribe-Etxeberria izango dira senatari; alderdi independentistatik, berriz, Gorka Elejabarrieta.