Ibai AZPARREN
IRUÑEA

Pobrezia errotu eta kronifikatu egin da Nafarroako biztanleen artean

Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa pobreziaren inguruko adierazleetan postu onenetan agertu ohi dira, baina datuak engainagarriak omen dira. Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Kontrako Nafarroako Sareak aurkeztutako txostenak gelditasuna eta kronifikazioa agertzen ditu. Izan ere, biztanleen %12,6 pobrezia arriskuan daude eta horietatik %56 emakumeak dira. Ekonomiaren susperraldiak ez du eraginik izan hainbat sektoretan.

Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Kontrako Nafarroako Sareak pobreziaren inguruko txostena aurkeztu zuen atzo Nafarroako Parlamentuan: “Pobreziaren egoera: Espainiako Pobrezia eta gizarte-bazterketaren jarraipena 2008-2018” .

Nafarroako egoeraren inguruko datuak zerrendatu aurretik, txosten hau Espainiako estatistika institutuak emandako datuekin landu dela nabarmendu beharra dago, eta Nafarroako 420 pertsonari egin dietela galdeketa. Hortik aurrera, ikerketa Arope adierazlearen bilakaeran eta honen osagarrietan oinarritzen da, pobreziaren eta gizarte-bazterketaren ikuspegi dimentsioaniztuna jasotzen duen tasan, hain zuzen ere. Bertan pobrezia ekonomikoa jasateko arriskuan dauden eta gabezia materiala edo enpleguan intentsitate baxua duten biztanleak kontabilizatzen dira.

Ikerketak 2018. urtean biztanleen %12,6 pobrezia edo gizarte-bazterketa egoeran zeudela zehazten du. Orotara, 81.627 pertsonak sufritzen dute arrisku hori, eta horrek 2017. urtearekin alderatuta %0,9ko jaitsiera egon dela adierazten du. Horien artean emakumeak dira pobrezia handiagoa sufritzen dutenak (%56).

2009. urtetik aurrera mundu mailakoa izan den krisi sozioekonomikoaren eragina bereziki lehen urteetan sumatu zen Nafarroan, tasa 5,9 puntu hazi baitzen (2008ko %8,6tik 2013ko %14,5era). Azken lau urteotan susperraldi txiki bat antzeman den arren, pobrezia edo gizarte-bazterketa arriskuari buruzko datuak kezkagarriak dira eta pobrezia errotu eta kroniko bihurtu dela iradokitzen dute.

Ekonomia hazi den arren, Sareak salatu duenez, herritarren sektore bat ez da bere egoeran hobekuntza handirik nabaritzen ari. Izan ere, Sarearen Batzorde Iraunkorreko kide Jesus Garciak atzo azaldu zuenez, «duela hamar urte baino egoera okerragoan» gaude eta susperraldi ekonomikoak ez ditu pertsona hauen egoera aldatzeko baldintzak sortu. Gauzak horrela, bere ustez, Nafarroako gizarteak politika publikoetan beharrezkoa den inbertsioari eta sortutako aberastasuna birbanatzeari buruz hausnartu behar du.

Arope tasa xehatuz

Arope adierazlea bananduz eta errentari begiratuz, Nafarroako biztanleen %8,3 pobrezia arriskuan zeuden 2018. urtean. Hau da, 2017ko balioarekin alderatuz gero, sei hamarren areagotu da, eta hiru urtez jarraian izandako jaitsiera eten egin da. Horrela, guztira 57.000 pertsona inguru daude pobrezia arriskuan, aurreko urtean baino 4.000 gehiago, hain zuzen.

Pobrezia larriaren tasak agerian uzten du Nafarroan 2018. urtean 12.000 pertsona bizi zirela 370 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten etxeetan; hau da, biztanleriaren %2. Sarearen iritziz, datu hori positiboa da; izan ere, Nafarroan 14.000 pertsonak utzi zioten pobrezia larria pairatzeari eta aurreko urteetan izandako goranzko joera eten zuen horrek. Jaitsiera horren arrazoien artean dirulaguntza jakin batzuen eraginkortasuna nabarmentzen dute, horien artean Aldaketaren Gobernuak martxan jarritako errenta bermatuarena.

Hala ere, Sareko kideek azpimarratu zuten ezin diotela kritikoak izaten jarraitzeari utzi, beste datu batzuk kontuan hartuz gero. “Enplegu-intentsitate baxua duten etxeak” adierazleari begiratuz, Nafarroako biztanleen %8,1en etxeetan lan egiteko adinean dauden kideek beraien enplegu-ahalmena baino %20 gutxiago lan egin zuten 2018an, aurreko urtearekin alderatuta. Hots, 39.088 pertsona enplegu intentsitate baxua duten etxeetan bizi dira.

Bestalde, Nafarroako “Gabezia materialaren tasa” Estatuko batez bestekoa baino altuagoa da. Izan ere, nafarren %5,9k ondasun eta zerbitzu jakin batzuk eskuratzeko zailtasunak dituzte. Adibidez, %9,4k etxebizitza-gastu nagusiak ordaintzerakoan atzerapenak izan ditu, %9,1ek ezin dute etxebizitza tenperatura egokian mantendu eta %35,9 ez dira gai aurreikusi gabeko gastuei aurre egiteko.

Datu horiek kontuan hartuta, Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Kontrako Nafarroako Sareak jarduketa-ildoak premiazkoak direla nabarmendu zuen, bereziki gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonen lan-baldintzak hobetzeari eta etxebizitza eskuratu eta mantentzeari buruzkoak.

Ongizatearen galera hori ez dela soilik krisiaren ondorio azpimarratuz, eta krisi horri eusteko behar bezain eraginkorrak izan ez diren politiken aurrean, Amaia Leranoz eta Gara Gonzalezek, Sareko presidenteak eta presidenteordeak, bi helburu betetzeko konpromisoa eskatu zieten parlamentu-taldeei: pobrezia arriskuan dauden pertsonen tasa %50 murriztea eta pobrezia larria guztiz deuseztatzea.