Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Generoari buruz hausnartu du Karmele Jaiok bere nobela berrian

Hiru pertsonaiak, gizon batek eta bi emakumek, euren bizitzak zergatik diren diren bezalakoak aztertuko dute. Zein neurritan eragin die generoak? Ismael da «Aitaren etxea» eleberriko protagonista, aita zaintzeko lana bere gain hartu beharko duen idazlea. Gizon bezala gizartearen begietara bete behar dituen espektatibekin bat ez egitean, minduta sentituko da. Bere gizontasun ereduari buruz hausnartu eta zenbait pentsaera zalantzan jarriko ditu orduan.

“Amaren eskuak” izan da Karmele Jaioren orain arteko eleberri arrakastatsuena. “Aitaren etxea” (Elkar) eman du argitara orain, eta berriz ere zaintza lanak erdigunean kokatu ditu, baina generoari buruzko hausnarketa egiteko aitzakia bezala.

Hiru pertsonaia nagusi ageri dira eleberrian: Ismael, idazlea; Jasone, Ismaelen emaztea, idazle ohia, zuzentzailea eta liburuzaina; eta Libe, Ismaelen arreba eta Jasoneren aspaldiko laguna, arrazoi politikoengatik ihesi joan behar izan zuena. Gizona, Ismael, dugu eleberriko protagonista. Bizitza nola korapilatzen zaion ikusiko du aita zaindu beharra duenean. Gainera, ez du ulertzen zergatik zaindu behar duen berak eta ez arrebak.

«Generoak Ismaelen bizitzan duen garrantziaren kontzientzia hartzearen prozesua deskribatzen da, nola ikasi zuen gizon izaten, zein gizontasun eredu izan dituen eta ea espektatibak betetzen dituen», azaldu zuen idazleak aurkezpenean.

Horren harira, Ismaeli ezinegona sortzen zaio emakumeen kontrako indarkeriari lotutako albiste bat entzuten duenean. Alde batetik, beldurra sentitzen du bi alaba dituelako eta haiei ere horrelako zerbait gertatzea posible delako, eta, bestetik, errudun sentitzen da gizona delako. Bada, horrela zergatik sentitzen den aztertzen hasten da.

Eleberriaren izenburua aukeratzerakoan Gabriel Aristiren poema ezagunaren eragina ezin du ukatu, baina harago joan nahi izan du Jaiok. «Gizarte hau norbaiten etxea bada, gizonena da oraindik». Bere ustez, gizarte honek «gizon berria etortzea behar du, bere pribilegio egoeraren kontziente dena eta horiek alde batera utzi eta berdintasunezko harremanak eraikitzeko prest dagoena».

Idazlearen aburuz, emakume askok egin dute kontzientzia hartze ariketa hori, baina ez gizon gehienek. Emakumeen kasuan errazagoa da urrats hori ematea, «premia» izan dutelako, baina, gizonen kasuan, aldiz, ez da erraza, «leku eroso batean daudelako».

Gizarte ereduak gizonak ere mugatzen ditu zenbait eremutan, nahiz eta beti pribilegiozko egoeran uzten dituen, eta hori islatu nahi izan du Jaiok Ismaelen bidez: «Espektatibak betetzen ez dituela sentitzen du. Nolabait, erakutsi behar du gizon indartsu eta arrakastatsua dela. Min ematen dio horrela ez izateak».

Gizon baten azalean jartzea zaila egin zaio Jaiori, askoz errazagoa iruditu zaio emakume ahotsa duten pasarteak idaztea. Hala ere, Ismaeli eskaini dio espazio gehien, gizonek izan dezaketen barne gatazka islatzeko. «Hiru protagonistek egiten dute generoaren hausnarketa. Bizitzako erabakiak nondik hartu dituzte? Eta maitemintzerakoan? Eta lana aukeratzerakoan? Eta gauzei uko egiterakoan?», aipatu zuen Jaiok. Amaitzeko, onartu zuen liburuak erantzunak baino galderak planteatzen dituela.