GARA
DONOSTIA

Txillardegi izena jarri dio EHUk erakusketa areto bati idazle donostiarraren omenez

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hizkuntzalari, idazle eta politikaria omentzeko ekitaldia egin zuen atzo, Donostian, eta bere izena jarri zion Carlos Santamaria zentroko erakusketa aretoari. Txillardegi zenak euskararen alde egindako lana eta euskal hizkuntzaren ezagutza zabaltzeko zuen gaitasuna goraipatu nahi izan du horrela unibertsitateak.

Donostian “Txillardegiri gorazarre” izenpean egindako ekitaldian, haren senide eta lagunek ere parte hartu zuten. Ekitaldian, Nekane Balluerka EHUko errektoreak bi hamarkada luzez unibertsitateko irakaslea izan zen Txillardegik egindako ekarpen oparoa nabarmendu zuen. Besteak beste, soziolinguistikaren ikuspegi berritzailearen ikerketan, euskararen batasunaren eragile bezala edota euskarazko kultura modernoaren oinarriak jartzen Txillardegik egindako ekarpenak aipatu zituen.

Ekitaldiaren baitan, Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sariak banatu zituzten. Miguel Galicia Lambarri filologo eta euskaltegiko irakaslearentzat izan zen lehen saria, euskara biziberritzeko plan eta proiektuen ebaluazioaren inguruko lanarengatik. Bigarren saria Jon Fernandez kazetariak jaso zuen, Ondarroako nerabeen sare sozialetako hizkuntza erabileraren azterketagatik. Hirugarren saria Xabier Madorranek jaso zuen, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek euskaran duten eraginari buruzko lanarengatik.