Nagore BELASTEGI
Donostia

Aitor Ortizek Gaudiren formei begirada intimoa zuzendu die bere irudietan

Aitor Ortiz argazkilariak Antoni Gaudiren lana berrinterpretatu du formatu txikiko argazkien eskutik. Bada, irudiok eta Frederic Mompou konpositorearen musika ardatz, «Gaudi. Inpresio intimoak» erakusketa atondu dute Tabakaleran. Nolabait, beraz, Artegunea aretoan kokatu duten bilduma hiru artista ezberdinen obraren batura dela esan daiteke.

Antoni Gaudi eskultore katalanaren lanari begirada intimoagoa eskaintzea izan da Aitor Ortiz argazkilari bilbotarraren helburua “Gaudi. Inpresio intimoak” izeneko erakusketan. Aurkezpenean kontatu zuenez, Gaudiri ez zitzaion bidaiatzea gustatzen, baina liburutegian denbora asko pasatzen zuen. Bertan, argazkilaritza liburuak aztertzen zituen, eta, XIX. mendearen hasieran arte horren gorakada handia eman zenez, eskura zituen mundu osoan zehar ateratako irudiak. Horiek eragin nabarmena izan zuten gerora kataluniarraren arkitekturan, Ekialdeko kulturak argazki bidez ezagutu baitzituen.

«Bitxia da argazkilaritza Gaudiren lanaren sorburua izatea, eta, era berean, baita egun bere lana zapuzten ari dena ere», aipatu zuen argazkilariak. Izan ere, Gaudiren lanak askotan agertzen dira argazkietan, turisten eta milaka argitalpenen “biktima” dira, eta horrek interpretazio bera behin eta berriro egitea dakar. Gaudiren obraren ideia bat dago gizartean, beste xehetasun guztiak ezkutatzen dituena. Hori dela eta, «beste begirada bat» eskaini nahi izan dio Ortizek.

«Lana 2013an hasi nuen argitaletxe frantses baten enkarguz. Azkenean ez zen argitalpena atera, baina nik lanean jarraitu nuen, orain arte, etengabe», kontatu zuen. Erakusketarekin batera, liburu bat ere egin dute Ortiz eta Santo Bregaña diseinatzailearen arteko solasaldi batetik aterata, Oskar Alegriaren testuekin. Azaroaren 21ean aurkeztuko dute.

Pentagrama moduan

Otsailaren 16ra arte Tabakalerako Artegunea aretoan ikusgai izango den erakusketari dagokionez, formatu txikiko 120 obra bildu dituzte. Itxura klasikoa dute, baina teknika modernoekin inprimatu dituzte. Ortizek zuri-beltza aukeratu du Gaudiren topikoetatik ihes egin eta xehetasunetan begia finkatzeko. Era berean, noizean behin fokuratze desegokiak ere erabili ditu oso ezagunak diren eraikinen txokoei itxura ezberdina eman eta forman baino esentzian begia jartzeko.

Arkitektoaren lan guztia maila berean jarri nahi izan du Ortizek. Hori horrela, irudietan espazio handiak ikus ditzakegu, baina baita eraikin bateko txoko batean dagoen objektu txiki bat edo maketa baten zati bat ere. Ortizentzat «guztiak dira beharrezkoak Gaudiren inguruko pentsamolde berri bat eraikitzeko, bere lana hobeto ulertzeko».

Frederic Mompou konpositorearen musikak ere badu lekua erakusketan. Javier Gonzalez de Durana komisarioak azaldu zuenez, Mompou «musika isilaren eta grabitaterik gabeko melodien musikaria da, non isiltasunak notek bezainbesteko garrantzia duen». Hori oinarri hartuta, erakusketa aretoa pentagrama moduan antolatu dute. Solairu bakoitzean bost erakustoki lerrokatu dituzte, airean zintzilik, eta hutsuneak utzi dituzte argazkien artean. Hala, Mompouren isiluneek aurreko notaren bibrazioak entzuten jarraitzeko balio bazuten, erakusketan pareta zuriek aurreko irudiari buruz pentsatzeko balio dute.