M. I. G.
DONOSTIA
Elkarrizketa
OSKAR ARANTZABAL
UEU-KO EKONOMIA SAILEKO ARDURADUNA

«Aurretik gertatu diren guztiek pistak ematen dizkigute etor daitekeenaz»

«Ekonomia etxearen kudeaketa da eta denok gara ekonomialariak», dio Oskar Arantzabalek. Nazioarteko merkataritzan ibili izan da beti eta aunitz bidaiatu eta deskubritu du, tartean Martin Azpilkueta ekonomia modernoaren aitzindari euskaldun bezala ere plazaratu zuen.

Garai batean multinazional batean ibili zen Oskar Arantzabal, Latinoamerikan eta Errusian. Umeak etorri zirenean zaila egiten zitzaion kanpoan egotea eta orain Alemaniako enpresa batekin dabil, baina Donostiatik. «Makinentzako pieza berezi batzuk egiten ditugu eta nahiko ondo doakigu».

Azpilkuetak ere aunitz bidaiatu zuen. «Orbaibarko bisita gidatu batean Martin Azpilkuetaren jaiotetxea erakutsi ziguten eta ez nekien nor zen. Ez dakit lotsagatik edo jakin-minagatik, edo bi gauzengatik, dokumentatzen hasi nintzen. Duela 500 urte bizi izan zen. Teologoa eta jurista izan zen. San Frantzisko Xabierkoaren osaba zen eta harremana izan zuten. 93 urte harrapatu zituen», azaldu zion GARAri.

“Azpilkueta, ekonomiaren aitzindari” liburuan (Pamielaren Juan Zelaia Sariaren irabazlea, 2014) jaso zituen Arantzabalek ekonomiaren teorizazioari egin zizkion ekarpenak. Horiek azaldu zituen hitzaldian, bide batez omenaldi bat eginez. «Ekonomian historiak zerikusi handia dauka, aurretik gertatu diren guztiek pistak ematen dizkigute etor daitekeenaz».

Lehena eztandaz ohartzen

Diruaren teoria kuantitatiboa egin zuen. Barasoainen jaio eta familia baztandarra zuen Azpilkueta konturatu zen Ameriketatik kopuru handitan zetorren urreak prezioen eztanda sortzen zuela. «Ehun urteko epean seikoiztu egin ziren prezioak espainiar merkatuan, eta frantziarrean ez zen hori gertatzen. Teoria bat idatzi zuen, diru politikaren zentzua azaltzen zuena. Bera izan zen lehenengoa horretaz ohartu zena».

Dibisetan herrialde batetik bestera gorabehera handiak zeudela ere ikusi zuen. «Hobe zen dirua gaur edukitzea bihar baino, eta horrek interesa sortzen zuen. Garai hartan elizak ez zuen interesa kobratzea onartzen. Azpilkuetari aholkua eskatzen zioten merkatariek eta berak, teologoa izanik, moraltasunaren ikuspegitik ematen zuen. Diruak denboran balioa aldatzen du eta interesak justifikatzeko formulazioak eman zituen».

«Espainiak izan zituen porrotak ere aurreikusi zituen. Profetiko samarra zen. Felipe II.aren garaian hiru krak izan zituen Espainiak, batez ere armada finantzatzen ari zelako».

«Boterea ez dela erregearena, herriarena baizik ere bota zuen erregearen aurrean. Oso diskurtso erradikala zen. Kataluniarekin afektibitate handia zuen. Aholkua eskatu zioten erregearen eta Kataluniaren arteko negoziazioetan eta Kataluniaren alde egin zuen. Okzitaniako Tolosara alde egin behar izan zuen, Nafarroaren independentziaren alde zegoelako. Biografia izugarria dauka baina ez da ezaguna», agertu zuen UEUko kideak.