GARA
DONOSTIA

Erraustegiaren kutsaduraren aparteko kontrolerako dirua lortu dute

Batuta Verkami gunean egindako crowdfundingaren emaitza eta beste bide batzuetatik lortu duten dirua batuz, guztira 26.384 euro lortu dituztela jakinarazi zuten atzo Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideek. «Mila esker erraustegiaren kutsaduraren kontrol independentea abiatzen lagundu duzuen guztioi», adierazi zuten.

Zubieta Lantzen-ek abiatutako ikerlana ordaindu ahal izateko, «geure buruari markatutako kopuruak gainditu ditugu», adierazi zuten.

Hala ere, ikerketak aurrera egin ahala gastu berriak sortu direla nabarmendu zuten. Esate baterako, bildutako dirua erraustegiaren inguruan bizi diren emakumeen bularreko esnearen jarraipena egiteko erabiliko dela azaldu zuten eta «geratzen dena hurrengo faseetarako» gordeko dela. «Gogoan hartu: hau kontrolaren abiapuntua besterik ez da; orain ikerlariak ‘zero puntua’ markatzen ari dira, erraustegia martxan jarritakoan –baldin eta jartzen badute– sortuko den egoera berriarekin konparatzeko», azaldu zuten.