Maider IANTZI GOIENETXE
EKONOMIALARI EUSKALDUNEN LEHENENGO BILTZARRA

«ZERGATIK EZ GARA OROITZEN EKONOMIAK HERRITARREZ KEZKATU BEHAR DUELA?»

ELKAR EZAGUTZEA, SARETZEA, ENPRESAREN ETA UNIBERTSITATEAREN ARTEAN ZUBIAK ERAIKITZEA ETA PENTSAMENDU KRITIKOA LANTZEA XEDETZAT HARTUTA, EKONOMIALARI EUSKALDUNEN I. BILTZARRA EGIN ZUTEN ATZO DONOSTIAN. TEORIA ETA PRAKTIKA UZTARTZEN SAIATUZ, DENBORAN BIDAIA BAT PROPOSATU ZUTEN, HISTORIATIK ETORKIZUNERA.

UEUk eta Ekonomistak Euskal Elkargoak lehendabizikoz antolatu zuten Ekonomialari Euskaldunen Biltzarra. Eta, aurreneko aldien ilusioz eta urduritasunez, hizlari pila bat elkartu zituzten Euskaltzaindiak Donostian duen etxean. 20 minutuko tartea eman zioten bakoitzari eta hitzaldi bakoitza pilulatxo bat izan zen, edo bide bat, interesa duenak esploratzeko. Adibidez, Jule Goikoetxea ikerlari feministak aurkeztu zuen lana, “EAEko demokrazia patriarkala”, Zuriñe Rodriguez, Lore Etxeberria eta Estitxu Garairekin egina, Interneten dago irakurgai.

Ikerketak bi xede dituela azaldu zuen Goikoetxeak: «Patriarkatu liberalaren birsortze mekanismoak identifikatzea, nola mantentzen den jakiteko. Eta jendeari sistema kontzeptual erraz bat ematea patriarkatua ulertzeko». Horretarako, sei dimentsiotan banatu dute patriarkatua: lan ordaindua, lan ez ordaindua, ongizate erregimena, espazio soziala, sexualitatea eta gizonen indarkeria zuzena emakumeen kontra. Lehen laurak aztertu dituzte eta ikusi dute eremu batean gertatzen denak eragina duela bertze eremu guztietan. Eta boterea metatu egiten dela. «Ongizatea neurtzeko orain arte sortu diren adierazle guztiak gizonen ongizatea neurtzeko dira. Arazo ikaragarria dugu emakumeen ongizatea neurtzeko. Adierazle pila bat falta zaizkigu», azpimarratu zuen.

«Boterea neurtzeak ongizatea neurtzen laguntzen digu. Lau botere daude: kapital ekonomikoa, neurtzen errazena; kapital soziala, hau da, dauzkazun kontaktuak eta horien boterea; kapital kulturala; eta kapital sinbolikoa, alegia, prestigioa, autoritatea eta xarma.

Biolentzia sinbolikoa

Soziologoaren arabera, edozein sistema politiko sostengatzeko biolentzia zuzena ez da aski; biolentzia sinbolikoa dago oinarrian. «Biolentzia bezala antzematen ez den biolentzia da sinbolikoa. Lan ez ordaindua egitea biolentzia sinbolikoaren bidez azaltzen da».

Lan ordaindua aztertzean, ez dute ezuste handirik hartu. «Estatus edo kualifikazio maila guztietan dago gizon eta emakumeen artean soldata arrakala.

Emakume pentsiodunen %55ek ez dute 600 euroko pentsioa ere jasotzen. Pobrezia sexuatu ikaragarria dago».

Lan ez ordainduari dagokionez, «BPGaren erdia etxeko lanetatik dator. Hori esklabotza da. Umeen eta helduen zaintzarako eszedentziak eskatzen dituztenak gaur egun emakumeek izaten jarraitzen dute kasuen %90-95ean. Biolentzia sinbolikoaren bidez eraikitzen dira emakumeak».

Denboraren bidez neurtzen da lan ez ordaindua eta eta emakumeek denbora gehiago eskaintzen diote. «Honek ez du sortzen kapital kulturalik, sozialik eta sinbolikorik sistema honetan. Gizonek denbora gehixeago ematen diote umeen zaintzari –ez oraindik adinekoenari– emakumeek utzi diotelako zenbait gauza egiteari, ez gizonek hartu dutelako ardura».

Erran zuenez, EAEko ongizate erregimena espainiarra bezalakoa dela frogatu dute. Erregimen mediterraneoa, Italiakoa eta Greziakoa bezala. Bertan, babes soziala eskasa dela erakutsi zuen adibide batzuekin.

Proposamenekin amaitzen da lana, «despatriarkalizazioa abiatzeko, ongizatea handitzeko, demokrazia bat izatera iristeko; emakumeek ezin badute beren burua gobernatu hau ez delako demokrazia bat».

Enpresen ikuspegia

Aitor San Francisco Bilibin Koop-eko kideak enpresaren ikuspegia ekarri zuen, Iñigo Ruiz de Apocada CAFeko langilearekin egindako lana aurkeztuz. «Orain arte zegoen ekonomia lineala zen, baliabideak transformatu, saldu eta erabiltzaileek zaborretara botatzen zituzten. Ekonomia zirkularrak, berriz, baliabideak ahalik eta gehien mantentzen ditu merkatuan. Baliabideekiko kontrol handiagoa ezartzen du», adierazi zuen.

«Posible da hazkunde ekonomikoa baliabideen mugak gaindituz? Mantra honekin jarraitzen dugu», agertu zuen. Bere ustez, ez dugu ekonomia zirkularra konponbide bezala hartu behar, konponbide batera gerturatuko gaituen lehen pauso bezala baizik.

Honako adibideak eman zituen: CAFeko trenen modernizazioko sailean hasi da lanean Ruiz de Apocada. Trenak birgaitzen dituzte, bizi amaieran daudenak berriro egokitzen dituzte. Motorlanek antzekoa egiten du motorrekin. Eta Ulmak alokairuan ematen ditu orgak eta itzultzean egokitu egiten ditu berriro alokatzeko.

Ondorio gisa, erran zuen ez gaudela egoera iraunkor batean eta neurriak hartzea ezinbestekoa dela. «Euskal Herrian kanpoko lehengaiekiko mendekotasun handia dago eta enpresen kostu handiena lehengaiak dira. Negozioentzako aukera handi bat dago. Eta ez da hazkunde ekonomikoaren arazoa mahai gainean jartzen».

Terminator 4.0

Joseba Permach ekonomialari eta soziologoa bildutakoei galdera bat eginez hasi zen: «Etorkizunaz pentsatzean zein da burura datorkizun lehenengo irudia?». Robotizazioa, automatizazioa eta digitalizazioa etorriko zaizkigu gehientsuenoi.

«Enpleguen %47 automatizazio arriskuan daude», zioen Frey eta Osborneren lanak 2013an. OCDEk ikerketa bat egin zuen gero eta autore horien metodologia bera erabiliz, ondorioztatu zuen 66 milioi lanpostu arriskuan zeudela.

«Lan asko eta asko dago gaiaren inguruan, think tank eta enpresek eginak. Ikerketen kalitatea baino, haien oihartzun mediatikoa azpimarratu behar da». Permachen arabera, gailendu den marko edo frame-a enplegua suntsitzera eta soldatak murriztera datorren Terminator 4.0 da. Eta markoak ekintza baldintzatzen du.

Bere hitzaldian marko hori deseraikitzen ahalegindu zen, bertzeak bertze Frey eta Osborneren lanaren muga handiak oroituz. «Ez zituzten enpleguak neurtu, zereginak baizik».

Marko berri bat proposatu zuen: «Ehun urteko aldaketa teknologikoaren ondorioz, lanorduak murriztuko bagenitu? Zergatik ez gara gogoratzen ekonomiak herritarrez kezkatu behar duela? Zaintzan pentsatzen bada lan hori kualifikatu egingo da. Zergatik ez dugu enplegu banaketa lan banaketarekin uztartzen eta horren arabera egiten etorkizuneko markoa?».