Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Euskal errepublika ehuntzen hasteko hitzordua otsailaren 15ean

Euskal errepublikaren aitorpena, etortzekotan, euskal herritarren eskutik etorriko da. Abiapuntu horri helduta sortu da Ehun mugimendua, otsailaren 15ean Euskal Errepublikaren Eguna ospatzeko deia egin duen herritar sarea. Dagoeneko 22 herri eta auzo batu dira ekimenera, «eta ziur gaude gehiago izango garela».

Otsailaren 15ean Euskal Errepublikaren Eguna ospatzeko deia egin du Ehun herri mugimenduak. Donostiako Antigua auzoan abiatu zen proiektua orain hiru urte, herritar talde batek Euskal Errepublikaren aitortza, etortzekotan, euskal herritarrek sustatuta eta indarrak metatuta etorriko dela sinetsita, eta dagoeneko Lapurdi, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko 22 herri eta auzo batu dira ekimenera.

«Herri diferente asko gaude, interneteko foro edo asanblea moduko bat badaukagu eta hor ikusten da iritzi ezberdin asko daudela gure artean, baina badaude partekatzen ditugun zenbait puntu», azaldu zuen ekimenaren sustatzaileetako Unai Apaolazak. Hasteko, argi dute prozesu independentista baten erdigunean herritarrek egon behar dutela, teorian zein praktikan: «Euskal Errepublika modu abstraktuan planteatu beharrean aurpegia jarri behar zaio, eta, burujabetza bada gakoa, burujabetza praktikan jarri edo egikaritzera pasa behar dugu».

Ehun plataforma osatzen duten herritarrak ziur daude beraien ardurakoak diren gaiek –besteren artean etxebizitza eskubidea, euskararen normalizazioa, pentsio duinak, dispertsioa edota emakumeen aurkako indarkeria aipatzen dituzte aurkezpen agirian– erantzun integral bat behar dutela eta erantzun hori ez dela etorriko estatu propiorik eratu ezean. «Estatu espainiar eta frantziarraren pean arazo horiek ez dute irtenbiderik izango, uste dugu hori ulertzen hasi beharko ginatekeela: ez dute sekula autodeterminazio eskubidea onartuko eta, beraz, beste bide batzuk irekitzen hasi beharko dugu, behetik hasita, egunerokoan eragiten diguten gaien inguruan pedagogia independentista praktikan jarriz eta talka leku egokietan topatuz», azaldu zuen.

Ziur daude otsailaren 15a festa eguna izango dela, baina ospakizun horiek nola egikaritu herri edo auzo bakoitzaren esku dago. «Ez dakigu zer aterako den, baina zerbait polita izango dela seguru, auzo bakoitzak bere ekimena eginaz baina aldi berean batasun bat irudikatuz. Horrek sinbolikoki badu bere indarra», esan zuen Apaolazak.

Proiektuaren atzean dagoen –eta egongo den– lana ere nabarmendu zuen. Hiru urte daramatzate autoa hartu eta herriz herri euskal geografia zeharkatzen, herritar taldeekin bildurak eginez, hausnartuz, ideiak batuz eta eztabaidatuz. Alderdi politikoekin ere bilerak egin dituzte: «Inolako laguntzarik gabe aritu gara, hala aritu nahi izan dugulako. Alderdiekin egin ditugun bilerak zer egiten ari ginen jakinarazteko soilik izan dira», argitu zuen. Era berean, Apaolazak nabarmendu nahi izan zuen ez datozela «inoren esparrua» betetzera: «Guk ikusten genuen esparru bat hutsik zegoela, eta esparru horretan sartu gara, zerbait egin behar zela ikusten genuelako».

Etorkizuna saretzen

Euskal Errepublikaren Egunaren ospakizunetik haratago ere ekimenak etorkizuna izango duela baieztatu zuen. «Hainbat herri eta auzo saretzera iritsi baikaitezke eta sare hori usteltzen uztea pena litzateke. Beste urrats batzuk baditugu buruan, baina horiek batzar handi baten bidez, ideia berriak batuz eta eztabaidatuz egingo lirateke. Sare potente horri probetxua atera behar zaio», ziurtatu zuen.

Gaur-gaurkoz, begia otsailaren 15ean jarria dute eta, sarea ehuntzen hasteko, dei egin diete ekimenera batu nahi duten herri, auzo eta herritarrei beraiekin harremanetan jartzera (ehunehuntzen@gmail.com), «independentismoaren karril zentrala hau baita».