Andoni ARABAOLAZA
KIRGIZISTAN

Chon-Turasu mendiaren iparhorma aurrenekoz igo dute

Bi kazakhstandar izan dira protagonistak: Max Ten eta Kirill Belotserkovskiy. Kokshaal-Too mendilerroan dagoen bost milakokopareta tekniko hori igo ahal izateko hiru egun behar izan zituzten. 1.500 metroko murrua oso baldintza txarretan gainditu zuten.

«Joan den abuztuan, Kokshaal- Too mendilerroan egon nintzen. Kirgizistanen eta Txinaren arteko mugan lerrokatuta dago. Max Ten kidearekin bidaiatu nuen. Espedizio horretan lau igoera erraz eta zail bat egin genituen. Azken hori Chon-Turasu mendian (5.729 m) izan zen. Hain zuzen ere, mendiaren iparraldeko horman. Pareta horren lehen igoera lortu genuen».

Adierazpen horiekin aurkeztu digu Kirill Belotserkovskiyk bere azken espedizioaren emaitza nagusia. Baina nortzuk dira bi alpinistok? Bada, izenak aipatu ditugu, baina seguru asko irakurle askorentzat ezezagunak izango dira.

Bai, ez dira hedabideetan agertzen direnetakoak. Kazakhstandarrak dira biak. Eta beraien jarduerei buruz gauza gutxi entzuten dugun arren, alpinista zailduak dira. Chon-Turasu mendian egin dutena horren isla da. Igo gabe zegoen ipar hormatzar tekniko bat aukeratu zuten, eta, mendi oso garaia ez bada ere, hiru eguneko eskalada egin behar izan zuten lehen igoera hori sinatu ahal izateko.

Aukeratutako “jokalekua” ez da batere ezaguna ingurumari honetako alpinistentzat. Eta ez da harritzekoa. Inguru hori itxita egon da urte luzez, hara iristea ez da batere erraza, Txinarekin arazoak izan dituzte, udak oso gutxi irauten du... Chon-Turasu, adibidez, “oharkabean” igaro da. Mendiaren lehen igoera 1998. urtean izan zen; hego isurialdetik, hain zuzen. Harrezkeroztik, soilik beste bi taldek zapaldu dute tontorra. Azkena kazakhstandarrena izan da. Iparraldeko hormaren lehena sinatzeaz gain, mendiaren hirugarrena lortu dute.

Inguruko mendietan egokitu ziren girora. Horietako batek Chon-Turasu ondo aztertzeko aukera eman zien: «Ipar horma aurrez aurre genuen, bat etorri ginen honako honetan: itxura oso ona du! Gainera, handia da. Pareta hori ondo aztertzeko, garaieran gau bat igaro genuen. Lo-zakuetan sartu aurretik Chon-Turasuri hainbat argazki atera nizkion. Kanpaleku nagusira jaitsi ginenean ezusteko handia hartu genuen. Janaria gordetzen genuen denda handia txikituta zegoen. Horren ondorioz, gurekin bidaiatu zuten hainbat kide eta Max Kakaroz izeneko muga gunera joan ziren. Aurretik aste batzuk genituen, eta “eraso” horren ondoren, oliorik gabe geratu ginen. Jaki-tokia berriro hornitu eta denda handia konpondu ondoren, gau hartan ohartu ginen hartz bat zebilela inguru hartan. A zer-nolako txikizioa egin zigun! Hurrengo egunetan ez genuen arazorik izan hartzarekin, baina inguru hartatik alde egiteko gogorik ez zuen. Max eta biok argi genuen mendiak eskalatzera etorri ginela, eta horregatik janari guztia ondo gorde ondoren, Chon-Tutasura abiatu ginen».

Abuztuaren 9an irten ziren kanpaleku nagusitik. Maron mendiaren zirkutik igaro ondoren, Chon-Turasuren glaziarraren morrenan sartu ziren. Alderdi harritsu hori zeharkatu ondoren, ibilbidea askoz ere erosoagoa bihurtu zen. Glaziarraren goialdeak bi adar ditu: ekialdekoak Chon-Turasura eramaten du; mendebaldekoak, aldiz, 5224 izeneko mendira.

Eguerdian heldu ziren ipar hormaren oinarrira. Gora begiratu eta lehen “ezustekoa” hartu zuten: murruaren erdira iristeko gainditu behar zuten izotz-jauziak oso arriskutsua zirudien: «Bidearen hasieran makina bat harri bloke zeuden. Horiek guztiak izotz-jausiaren ezkerraldetik erortzen ziren. Izotzezko pareta hori tente jarri zenean, ohartu ginen inguru arras arriskutsuan geundela. Izotz guztia mugitu zen, leku deserosoa eta beldurgarria zen... Egoera hori ikusita, erritmoa azkartzea erabaki genuen. Kanalaren goialdean, gainera, serac erraldoi bat zintzilik zegoen. Izotzean luze gogor bat gainditu eta bilera antolatu nuen. Goialdetik oraindik harri asko erortzen zen, eta neure kide Max jarraian iritsi zen. Beste luze beldurgarri bat eskalatu behar izan nuen. Zintzilik zegoen glaziar batera iritsi nintzen. Max iritsi zenean, egoera aztertu eta bibaka antolatzea erabaki genuen. Kosta egin zitzaigun leku atsegin bat aurkitzea. Hiru saio egin eta gero, denda altxatu genuen. Gau horretan elurra egin zigun; bost zentimetroko geruza pilatu zen».

Baldintza eskasak

Biharamunean, goizeko bostak inguruan, berriro martxan jarri ziren. Bezperan zeharkatu behar izan zituzten elur-zubiak egoera hobean zeuden. Glaziarra lasai zeharkatu zuten, eta hormaren erdian dagoen arrokazko sekzio gogor bati ekin zioten.

Une horretan eguraldia erabat okertu zen. Elurra egiteaz gain, haize bolada indartsuek erasan zieten. Lehendabiziko bost luzeetan lan gogorra egin behar izan zuten; izan ere, goialdetik spindrift erasoen menpe zeuden. Beste hamar luze eskalatu eta ezkerraldera jo zuten: «Korridore aproposenak bilatzen jardun genuen. Izotzezko sekzio gehiago igo genituen. Une jakin batean 30 metro eskalatu eta beste korridore batean amaitu nuen. Aldez aurretik begiratutako korridorea zirudien, baina beste bat zen. Argazki-kamera atera nuenean, irudia begiratu nuen: bide okerretik gindoazen. Bibaka antolatzeko unea zen. Gaua iritsi aurretik, leku estu bat aurkitu genuen. Bigarren egun horretan, kilometro bateko ibilbidean 600 metroko desnibela igo genuen».

Hirugarren eta azken eskalada egunean goizeko zazpietan ekin zioten lanari. Ertzera iritsi aurretik, azken sekzio tekniko gogorrean sartu ziren. Arrokazko tarte bat zen. Pixkaka metroak igotzen joan ziren. Belotserkovskiyk adierazi duenez, sekzio horietan komeriak izan zituzten beren burua babestu ahal izateko: «Hura gainditu ondoren, izotzezko beste korridore tente batean jardun genuen. 70 graduko aldatsak zituen, eta bide egokiena izan zen ertzera iritsi ahal izateko».

Ertz horretan zirela ikusi zuten gailurra zapaltzeko oraindik lan gogorra egin behar izango zutela. Eta horrela izan zen: 500 metro hiru orduan: «Oztopo ugari jarri zizkigun. Hori gutxi ez, eta hotz handia egiten zuen. Zorionez, goizeko zortzietan tontorrera heldu ginen».

Chon-Turasu mendiaren ipar horma lehen aldiz igo dute, beraz, bi alpinista kazakhstandar hauek. Jaitsieraren inguruan, protagonistok adierazi digute ez zutela batere argi: «Bigarren igoera egin zutenen txostena irakurri nuen, baina ez zuten gauza argirik esaten. Mendebal ertzetik joatea erabaki genuen. 600 metro jaitsi eta gero, ertz hori bitan banatzen da. Guk ipar-mendebaldera jaisten denetik jarraitu genuen. Espoloi batera iritsi ginen. Hortik aurrera beste hamabi rappel egin genituen. Zintzilik zegoen glaziarrera arazo handirik gabe heldu ginen behinik behin. Alabaina, hainbat eta hainbat rappeletan beldur handia pasa genuen. Eguerdia zen. Beste rappel batzuk egin eta arriskurik ez zuen glaziar batera iritsi ginen arratsaldeko ordu bietan. Buruan oraindik beste galdera bat genuen: zer egoeratan egongo zen kanpaleku nagusia? Zorionez, utzi genuen bezala zegoen. Antza denez, hartza ez zen itzuli; hori uste dugu. Lasaitu ederra hartu genuen!».