Jon GARMENDIA
Idazlea

Marea zuria

Iduri du gure lur zatiko zeru gaina kexu dela gurekin. Gainera, haserre hori ukateko arrazoia duela erranen nuke, bakardadearen sotoan, non gure baitarako hitz egin eta galderak pausatzeko gai garen, batetik hamarrera zerrenda baikenitzake guk emandako motiboak.

Ez da ateri, eta euriak ez du zuri bihurtu nahi. “Elur melur ez nauk hire beldur” zion esaerak, baina supazter goxoan dagoen hark errazago aipatzen du atsotitza karrikan eguraldi gris desatsegin hau pairatzen ari denak baino. Epel, bero, heze eta hotz, askotan dena batera baitugu egun berean.

Aurten hondartzak zurituko zituela erran zidan Mathieu arrantzale gazteak uda hastapenean. Artean atungorria arrantzatzen zuten “Airosa” itsasontziarekin ur-azal urdinaren uhainetan, zerua ere oskarbi eta aroa beti goxo, frantziparrik gabe; antza, kolore bizi gehiegi gauza onerako, halakoek udazken eta negu gogor bat zekartela erran zion Didierrek, patroi zaharrak, eta hark, oraindik orain, meteo aplikazio eta halakorik gabe erraz antzematen ziola eguraldiaren joerari kontatu zidan Mathieuk.

Duela guti ikusi dut berriro eta zoriondu egin dut, asmatu baitu hondartzak zuritzearen predikzioarekin; elurra ez da itsasbazterrera ailegatu, baina marea zuria ibili da Lapurdiko kostan azken hilabete honetan; Biarritzetik Donibane Lohizunera arteko hondartzetan kokaina poltsak agertu dira; polizien erranaren arabera, ia tona bat orotara.

Nola, nork, eta norentzat galderekin liburu bat idatz liteke orain, zenbat kilo ziren nekez jakinen da, baina susmoa arrantzaleengan eroriko da. Hori erran dit Mathieuk.