Nagore BELASTEGI

BAZTERTUEN GARAIPENA, ERRESISTENTZIA

Bi emakume dira «Joana Maiz» komikiko protagonistak. Gaztea eta profesionala bata, bere etxea defendatu behar duen zaharra bestea. Biak batzen dituen zerbait bada, ordea: beren ingurunetik baztertu nahi dituzte, baina ez dira geldirik geratuko.

Bechdel-en testa aski gainditzen du “Joana Maiz” komikiak eta horregatik harro daude egileak, nahita egin duten zerbait ez den arren. Yurre Ugarte gidoilariak buruan zuen istorioak emakume protagonista bat behar zuen, Joseba Larratxe “Josevisky” ilustratzaileak gorpuztuko zuena. Bazterrean bizirauten saiatzen diren pertsonaien istorioak ekarri dituzte album ilustratu honetako orrialdeetara.

Joana Maiz emakume gazte eta profesionala da protagonista, Euskal Herritik kanpo lanean urteak eman dituena, baina egoerak buelta eman eta Bilbora itzuli beharko du. Bertan Euskal Herriko historiari buruzko dokumental bat egin behar du eta bere gidoi propioari jarraitzea erabakiko du, castingean baztertutako pertsonaiei ahotsa ematea. Horietako bat Lauren da, bizitza osoa Irungo baserri batean eman duen emakume zaharra. Autobidea eraiki zutenean desjabetzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu eta errepide artean gelditu zen oasi bilakatu zen bere etxea. Oraingoan AHTren erruz bota nahi dute, eta badirudi ez duela irtenbiderik. «Desjabetzearen gaia ukitzen da eta hori lurraren ustiaketa eta kudeaketarekin lotuta dago, historikoki nolakoa izan den; flashback batean ikusten dugu pertsonaia horren bilakaera eta bere auzo guztiarena. Hori gutxitan agertzen den gaia da. Bazterrean gelditu ohi diren pertsonaia eta gaiak aukeratu ditugu gure istoriorako», kontatu digu Yurre Ugartek. Joseba Larratxeren esanetan, berriz, «komikia pertsonaien inguruko istorio bat da. Ez dakit den desjabetzearen inguruko komikia; hori pertsonaietako baten istorioa da. Beste eszenatoki bat izan zitekeen, baina bazterrekoa izan behar zuen». «Protagonistak castingeko deskartea berreskuratzen du. Eta horrek alde guztietara eramaten gaitu: sinbolikoki, historikoki, bazterketa non egon den. Emakumeen bazterketaz ere ari gara», esan du gidoilariak.

Fikzioaren bitartez, identitatea zer den ere planteatzen da. Laurenek bere baserriarekin duen lotura etxearekin baino kanpoan dagoen lizarrarekin da, zuhaitz hori betidanik egon delako hor; natura beti egon delako hor. Ugarteren ustez, honek identitatearekin ere badu zerikusia, Lauren bera lurrarekin muturreraino identifikatzen baita. Aldiz, bere semeak bestelako pentsamoldea du. Bere esku egongo balitz, saldu egingo luke etxea eta bertan dagoen guztia. Honek zalantzan jartzen du identitatea bera zer den. «Artista askok esaten dute identitatea ez dela existitzen, etengabe eraikitzen den zerbait dela», argitu digu. Hala ere, uste du emakumezko artista protagonistak baduela zerbait ona: «Bizitzeko alternatiba bat planteatzen du, kapitalismoaren kronofagiaren aurka dabil. Guztiok jasaten ditugun gaiak jorratzen dira. Mailegu bat ordaintzen dugu, saldu dugu gure arima, guztia saldu dugu, eta inork ez du hori auzitan jartzen».

Finean, bi egileak bat datoz erresistentziaren inguruko komiki bat dela “Joana Maiz”. «Bizitzan dena ondo joan zaion pertsona bat da protagonista, eta krisiarekin dena gainbehera etorri eta erresistentziari heldu behar diona. Eta orduan Laurenekin egiten du topo, bizitza osoa erresistentzian daraman pertsonaia. Protagonistak Laurenengan inspirazio bat topatzen du», adierazi du Larratxek. Ugartek esan duenez, «Joana emakume profesional gazte bat da. Lan eremuan borrokatu egin behar du bere ideia aurrera eramateko, eta alde guztietatik ditu oztopoak. Bere lanetik baztertu nahi dute. Erresistentzia da gelditzen zaion jarrera bakarra. Lauren ispilu baten gisakoa da. Joana millennial bat da: ikasketak, esperientzia, arrakasta ditu. Baina zer aurkitzen du aurrean? Patriarkatua eta kapitalismoa. Horren aurrean zer egin dezakezu?», galdetu du gidoilariak.

Joanak istorioan badu laguntzaile bat, Sagasti, eta berarekin hitz egiten ari dela galdera horri erantzuten dio, nola atera daiteke garaile egoera horretatik? Laguntzaileak esaten dio bizirautea dela garaipena. «Erresistitzen ez baduzu desagertu egiten zara. Emakumeok asko dakigu erresistitzeaz», dio Ugartek. Larratxek ere berdin pentsatzen du, alegia, komikiak duen irakaspena dela «erresistentzia dela duintasunari eusteko modu bakarra».

Tresna narratiboak

Komikia sortzerakoan erabaki estetikoak hartu dituzte. Kasu batzuetan orrialde batzuetan ia ez da testurik ageri eta kontakizunaren karga guztia irudien gain gelditzen da. Beste batzuetan, berriz, testu luzeagoak ageri dira, pertsonaiak liburu bat irakurtzen ari direnean adibidez, eta irakurleak ere testu horiek irakur ditzake. Ilustratzaileak ondo azaltzen du zergatik erabaki duten horrela egitea: «Komikiak badu gauza bat zinemara hurbiltzen dena; zera da, irudiak erabiltzen dituela narrazio bide bezala. Niri oso aspergarria iruditzen zait irudiaren azpian ikusten ari garenaren azalpena irakurtzea. Uste dut komikiek hori gainditu dutela eta irudiekin bakarrik konta daitekeela istorioa. Kasu honetan testu batzuk sartu ditugu, eta zineman hori ezin da egin. Ezin da pantailan testu bat jarri eta ikusleari irakurtzeko esan. Baina komikia paperezko euskarria denez liburuaren izaera hori ere badu, eta protagonistak zerbait irakurtzen duenean guk ere irakur dezakegu».

Bestalde, Ugarteri komikiak ematen dituen aukera guztiak aprobetxatzea gustatzen zaio eta, hala, beste elementu batzuk ere txertatu dituzte: Joanak lanerako erabiltzen dituen post-itak eta Polaroid argazkiak. Eta ez dituzte erabiltzen modan daudelako bakarrik, Joana casting agentea den heinean bere lanerako erabiltzen dituelako baizik. Elementu horietan ikusten dugun guztia irakurleak istorioari jarrai diezaion pistak dira, informazioz beteak.

Erabiltzen dituzten koloreei dagokienez, arrazoi praktikoak eman dizkigute. Iraganeko pasarteak islatzen direnean zuri-beltzean ikusten ditugu, baina orainaldian gaudenean ere ez dira kolore biziko orrialdeak, bi tonu teknikan eginak baizik. Hau da, zuri-beltzari kolore bat gehitu diote soilik, turkesa. Komikia beka bati esker garatu ahal izan dute, eta proiektua aukeratu eta urtebetera entregatu behar zutenez, denbora horretan egin zezaketen komikia irudikatu zuten. Koloretan egitea lan handia zen Larratxerentzat, eta horregatik, lana arintzeko, teknika hau erabili zuten. Kolore hori tresna narratibo bezala ere erabili nahi izan zuten, horregatik bereizten dute iragana eta oraina ñabardura horrekin. Baina gainera kolore hori eta ez beste bat aukeratu izanak ere badu bere arrazoia. «Istorioan naturak eta urak presentzia dute. Natura berdea da eta ura urdina. Biak nahastuta turkesa ematen dute. Aproposa zen islatzeko, adibidez, Laurenen etxe berdea nola dagoen asfalto beltzez inguratuta», kontatu digu Joseviskyk.

Animaliak ispiluan

Lehen begiratuan album ilustratuan atentzioa ematen duen zerbait badago. Animaliak ageri dira bai azalean bai komiki osoan zehar. Ugartek azaldu duenez, hori protagonistaren ikuspuntua da; alegia, berak ezagutzen dituen pertsonak nola ikusten dituen. Animalia pila bat ikusten dugu istorioan zehar, baina behin ere ez da aipatzen Joana bera zein piztia den. «Hasierako Joana, toki pila batean egondako Joana, jada ez da berdina. Nik planteatu nuen, bukaeran, bera animalia pila baten nahasketa izango zela. Besteengan ikusten zituen animalia guztien batuketa. Baina ideia hori baztertu egin genuen», aitortu digu gidoilariak. Animalia horien guztien nahasketa marraztea zaila iruditzen zitzaion ilustratzaileari eta pertsonaiaren eraldaketa hori beste modu batera islatzea erabaki zuten, ez hain ageriko eran.

Pertsonaiaren beraren jatorrizko irudia ere aldatu da. Bekarako proiektua aurkeztu zutenean bestelakoa zen, baina gerora aldatu egin zuten, eta horretarako Larratxek aktore baten argazkia eskatu zion Ugarteri. Izan ere, pertsonaia guztiak egiteko beste pertsona batzuen argazkietan oinarritu da ilustratzailea, alde batetik gidoilariak buruan zuen horretara gehiago gerturatzeko, eta bestetik pertsonaia bakoitzak bere izaera izan zedin, elkarren artean desberdinak izateko. «Kalko bat egin ez arren, erreferentzia bat izatea interesgarria da –dio ilustratzaileak–; joko banu buruan dudan monigotera beti oso pertsonaia antzekoak aterako lirateke. Hayao Miyazaki dut egilerik gogokoena, baina pertsonaia guztiek aurpegi bera dute. Berak esaten du hori dela bere pertsonaia, baina niretzat ez dut hori nahi. Aldiro pertsonaia genuino bat sortu nahi dut eta ariketa horrekin asko disfrutatzen dut. Pertsonaiari izaera ematen diozu aurpegiarekin».

Bi egileek harreman ona dutela igartzen da, errespetua dutela bestearen lanarekiko, eta agian horregatik atera zaie halako lan txukuna. Baina horrek ez du esan nahi erraza izan denik. Aldez aurretik ezagutzen zuten elkar, lan gehiago ere egin baitituzte. “Joana Maiz” martxan jarri aurretik ere beste lan bat zuten esku artean, gauzatu ez den zientzia fikziozko istorio bat. Anbizio handiko lana zela diote, luzeagoa eta koloretan, eta zerbait egingarriagoa proposatzea erabaki zuten. Hala ere, beka lortu zuten arte ezin izan zioten behar zuen denbora eskaini. Biak autonomoak izanik, ez zuten proiektu propioetarako tarterik ateratzen. Horregatik, asteko lanordu guztiak komikiari eskaini ahal izatea, soldata bat izango zutela jakinik, oso garrantzitsua izan da beraientzat. «Ez da erraza horrelako proiektu bat aurrera eramatea. Marrazkilari baten helburua izaten da nobela grafiko bat egitea, eta hori modu duin batean egin ahal izatea lorpen handia da.

Aurretik buruan zuten lana aurrera atera ez den arren, “Joana Maiz”-ek lan horretatik zerbait baduela uste dute: «Aurreko proiektuko protagonista ere emakume bat zen, eta gertatzen zitzaiona zientzia fikzioan kokatzen zen, baina… –dio Ugartek barrez– nik istorio hau kontatzeko gogoa nuen. Gainera komikigintzan emakumeen errepresentazioa oso urria da. Beraz, ni oso harro nago aurrera eraman ahal izan dugulako proiektu bat non protagonista emakume bat den. Eta ez da komikiko emakume bakarra. Eta ez da superwoman fantastiko bat». Oraingoz jatorrizko euskarazko bertsioan edo gaztelerara itzulia irakur dezakegu, baina frantsesera eta portugesera itzultzeko proposamena ere heldu zaie.