Nagore BELASTEGI
DONOSTIA
Elkarrizketa
MIKEL MARKEZ
KANTARIA

«Ez dut ikusten munduan egoteko modu politagorik kantaria izatea baino»

Datorren urtean kantu berriez osatutako disko berria kaleratuko du Mikel Markezek (Errenteria, 1971). Bitartean, «Biribilean» grabatu du lagun artean, orain arteko 30 urteko ibilbideari errepasoa emanez. Disko honi lotutako kontzertuak urtarrilean hasiko dituzte, Donostian, Bilbon eta Aian, oraingoz.

«Biribilean» 30 urteko ibilbideko kantuen hautaketa bat da. Nola aukeratu dituzu?

Aukeraketa guk egin baino, kantuek gu aukeratu gaituztela esan dezakegu. Azken bost urteetako osagarri guzti horiekin puzzlea egin dugu, eta horren argazkia atera nahi nuen. Nirekin kantuan dago Andrea Bidart, Noka taldeko partaideetako bat; horiekin Kalifornian, hemen eta han, kolaboratzeko aukera izan dut. Bestalde, Esti dago, nire alaba, azken urte hauetan nirekin kantuan hasi dena. Eta musikari mailan, Arkaitz Miner, umeak ginenetik elkar ezagutzen dugu, auzokoak izan gara, eta beti lan egin izan dugu elkarrekin. Eta, bestetik, Julen Alonsorekin ere harreman handia badaukat.

Esti Markez aipatu duzunez, nolatan hasi da bera zurekin kantatzen?

Bizpahiru urte zituela jada kantatzen zuen gurekin eta lagunekin. Estik beti kantatu izan du. Duela lau edo bost urte igo zen nirekin lehen aldiz agertoki batera. Niretzat txoilo bat da: ahots polita du, ondo kantatzen du eta, gainera, nire kantu guztiak dakizki. Ez dut kanpoan bilatzen ibili behar. Niretzat plazer bat da, dudarik gabe.

Hala ere, beti aritu zara lagun artean, Euskal Herriko beste musikari, idazle edo poetekin.

Gure Euskal Herri txiki honetan ia mundu guztia ezagutzen duzu. Gabiltzan euskal idazle, bertsolari, poeta, kantari, musikari gehienekin modu batera edo bestera kolaboratu dugula uste dut. Gure kosmos hau txikia izateak baditu desabantaila batzuk, noski, baina abantaila bat ere badu: denok gaude gertu.

Diskoan ez daude abesti famatu guztiak, baina badaude ikonikoak diren batzuk, oso gaztetan idatzitakoak. Egun nola ikusten dituzu horiek?

Saiatzen naiz kantu horiek ez epaitzen. Gu frankismoan sortutako gaztetxoak gara, eta nire kasuan Errenterian. Baditugu gure motxilan gauza oso positiboak: borrokan zegoen eta sozialki martxan zegoen herri batetik gatoz, eta politikoki kultura handia izan dugu, asko irakurri dugu, gauza desberdinetan militatu dugu, eta hori guztia gurekin dugu. Baina, era berean, bagatoz gizarte matxistago batetik, desberdinarekiko errespetu gutxiago zuen gizarte batetik, bidean desikasi ditugun edo desikasten saiatu garen gauzak ditugu. Nik uste dut gure kantu zahar guzti horietan badagoela halako pintzeladaren bat garai hartatik. Egun ez nituzke berdin egingo, baina horiek orduan sortutakoak dira eta ni ez naiz inor momentu honetan koma bat ere aldatzeko 16 urterekin egin nuen kantu bati eta sentimendu konkretu bat adierazten zuen bati. Bere horretan dira eta horrela kantatzen ditut.

Azken urteetako kantez ari gara, baina «Herrimina» berria da. Omenaldi bat al da?

Duela hiru urte entzun nuen kanta hau lehen aldiz Smithsonian jaialdian (Washington). Hara euskal ordezkaritzaren parte bezala joan ginen eta hotelean beste talde batzuk zeuden; tartean, Texmaniacs, mexikar jatorriko Texaseko taldea. Gau batean musika tresnak atera eta kantu hau kantatu zuten. Nik entzun nuenean konturatu nintzen kantuan esaten dena gurera ekar daitekeela; euskaldunak Euskal Herritik halabeharrez alde egin behar izan dute bizitza hobe baten bila. Zure arimaren puska bat etxean gelditzen da, eta horregatik beti duzu halako sentimendu bat zure lurrarekiko, zure sustraiekiko. Hori berdina da guretzat, mexikarrentzat, txinatarrentzat edo afrikarrentzat. Inork ez du alde egiten etxetik nahi duelako.

Musikaren egungo panorama ikusita, 30 urte horretan aritzea ez dirudi erraza.

Ez dut ikusten munduan egoteko modu politagorik kantaria izatea baino. Batzuetan medioetan presentzia handiagoarekin, beste batzuetan pixka bat ezkutuago, horrelakoa delako gure mundu hau. Kantuek zerbaitetarako balio badute, gizartea aldatzeko eta jendearengan eragiteko da. Ni horretan saiatzen naiz eta horretan jarraitu nahi dut. Nik gaztetan erabaki nuen eta segur aski zuloan sartzen nauten arte beti jarraituko dut kantatzen eta kantari izaten. Kantuek gizartean eragin gehiago edo gutxiago duten gauzak transmititzeko duzun abilidadearen arabera izango da, erantzukizuna zurea da.

Nolakoa izan da grabaketa prozesua?

Zuzeneko lana bada, baina estudiokoa ere bai. Biribilean jarri ginen, denok elkarri begira. Hori oso ‘oteizianoa’ da, ez dago hierarkiarik, denak berdinak gara. Bestela erdian kantautorea dago, musikariak alboan eta, askotan, atzerago. Estudioan soinu probak egin eta gero lagunak eta familiak ekarri genituen. Gure bueltan jarri ziren eta grabaketa egin genuen.

Formatu hori kontzertuetan mantendu nahiko zenukete?

Normalean lekuek ez dute aukerarik ematen. Hala ere, adibidez Bilbon, Euskal Museoan aurkezpen bat egingo dugu, klaustro batean, eta nik planteatu dut gu erdian kokatzea, eta inguruan lurrean alfonbra batzuk jartzea jendea esertzeko. Soinu teknikarientzat putada bat da, bi bozgorailu jarri beharrean lau jarri beharko dituztelako (barrez). Saiakeraren bat egingo dugu, baina leku guztietan ez da posible izango.