Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Gaizkia egiteko gai den munstroaren inguruko ipuinak

Gaizkiaren inguruko hausnarketa egin du Karlos Linazasoro «Hik ez dakik zer den beldurra» (Erein) ipuin liburuan. Bere ohiko estilotik aldendu da oraingoan, umorea eta ironia alde batera utziz, gizakiaren alderik ilunena aztertzeko. Liburuak irakurlearentzat ispilu bat izan nahi du, egoera horretan balego zer egingo lukeen pentsa dezan.

Beldurraren inguruko ipuin laburrak idatzi ditu Karlos Linazasorok “Hik ez dakik zer den beldurra” lanean. Gaizkiari buruzko hausnarketa egitea izan du helburu, alegia, gizakia gaizkia egitera zerk bultzatzen duen pentsaraztea. Egilearen hitzetan, ipuinak gidoiak bezalakoak dira, biluziak, apaingarririk gabeak, batzuetan non gertatzen diren edo protagonistak zeintzuk diren ere ez da azaltzen, muina besterik ez.

Ipuin guztietan poema bat gehitu du, beste egile batena. Batzuetan poematik sortu da ipuina, eta beste batzuetan ipuina idatzi ostean bilatu dio dagokion poema. «Nire kezka egiturarekin asmatzea izan da. Idazterakoan etxetik kanpo ibili naiz, nire ironia, umore, absurdotik kanpo. Pixka bat galduta sentitu naiz. Saiatu naiz formula ez hain erabilia egiten», aitortu zuen aurkezpenean.

Poemek ipuina bideratzeko balio dute, baina ez gaude poesia liburu baten aurrean. Poema osoen ordez, zatiak aukeratu ditu. Bere estilotik aldenduta ohiko irakurleak uxatu ote dituen galdetuta, uste du testuak laburrak direla eta, beraz, publikoak ez duela aspertzeko astirik izango.

Beldur desberdinak

Erein argitaletxearekin plazaratu duen liburu honek 18 istorio ditu, denak desberdinak, baina ezaugarri komun batekin, guztietan tragedia bat dago. Horiekin beldur forma desberdinak ageri dira, eta irakurlea pertsonaien azalean jartzea dute helburu. Ispilu bat izateko xedea dute ipuinek, irakurleak pentsatu dezan ea berak zer egingo lukeen egoera horien aurrean.

«Adibidez, istorio xenofobo bat dago. Inor ez da xenofoboa, baina jar zaitez pertsonaiaren lekuan eta esadazu ea zer egingo zenukeen, ea xenofoboa zaren», argitu zuen. Komando bateko kidea den pertsonaia bat ere ageri da, «egin duenaren ondoren beldurra sentitzen duena». Polizia torturatzaile bat ere ageri da beste kontakizun batean, «egin duenarekin bizi ezin dena». «Pertsonaia batzuek beldurrarekin batera damua ere sentitzen dute, beste batzuek ez, esaten dute berriro egingo luketela», kontatu zuen.

Beldur mota asko daude eta bakoitzak, une desberdinetan, bat sentitzen du. Hala ere, “Hik ez dakik zer den beldurra” lanean beldur psikologikoa nabarmentzen dela dio idazleak.

«Jendeak munstro bat dauka barruan, kalte egiteko gai dena», aipatu zuen. Agertzen diren egoera batzuk asmatutakoak badira ere, beste batzuk benetakoak dira eta libururako moldatu egin ditu. Psikopataren bat edo beste agertzen bada ere, egoera gehienak ez dira hain bestelakoak, pertsonaiak pertsona arruntak dira, muturreko egoeren aurrean bortizkeriaz erantzun dutenak.

«Galdera asko eta, beti bezala, erantzun gutxi ematen dira. Nahi dudana da irakurlea egoeran jartzea, molestatzea», argitu zuen. Finean, Linazasorok liburu hau idatzi behar zuela sentitzen zuen.