GARA
DONOSTIA

Oinarrien esku egongo da EH Bilduk inbestiduran emango duen botoa

Mahai Politikoak proposamen bat egingo du Sanchezen inbestiduraren inguruan eta koalizio subiranistaren oinarriek, hori babestu edo ez erabakitzeko, batzar batean bozkatuko dute.

EH Bilduren Mahai Politikoak atzo erabaki zuen nola aukeratuko duten Pedro Sanchezen inbestidura saioan emango duten botoa. Oinarrien esku egongo dela zehaztu zuen.

Inbestidura noiz izango den jakinarazten denean, batzarrera deituko dute. Bertan, Mahai Politikoak egingo duen proposamena bermatu edo ez erabaki beharko dute oinarriek, eta, horren harira, EH Bilduk parte hartzeko deia egin zien «azken hauteskundeetan beren konfiantza indar subiranista eta ezkertiarrean jarri zuten herritarrei».

Hain zuzen ere, Gorte espainoletan koalizio subiranistak izango dituen bost diputatuek eta bi senatariek atzo jaso zituzten aktak, Josu Muguruza Herri Batasunaren parlamentaria Madrilen tirokatu zutenetik 30 urte betetzen ziren egunean.

Mertxe Aizpurua diputatuak gogora ekarri zuen Muguruza dela jardunean zela «hil duten Kongresuko diputatu bakarra», eta «ganbera honen aldetik aitorpenik jaso ez duten biktimen izenean» egongo direla Kongresuan nabarmendu zuen.

Bestalde, PSOEren eta Unidas Podemosen arteko akordioaren inguruan, Aizpuruak argitu zuen oraindik ez dietela deitu. Gobernua osatu nahi badute, «zertarako izango den» azaltzea «garrantzitsuena» izango dela esan zuen. «Azken egunetan ikusitako jarrerak ez gaitu baikor sentiarazten, Sanchezek oraindik ez duelako onartzen Kataluniarekin eta Euskal Herriarekin dagoen arazo politikoa», gaineratu zuen. Bi aukera jarri zituen mahai gainean: orain arte bezala geratzea edo «agenda aurrerakoiaren alde» egitea.

«Ez dakigu zein Sanchez aurkituko dugun, 155. artikuluarena edo nazio aniztasunarena», adierazi zuen. Baina PSOEko liderrak elkarrizketaren eta demokraziaren alde egiten badu, EH Bilduk «erantzukizunez» jokatuko duela iragarri zuen. Izan ere, «ausartak izateko aukera» dagoela nabarmendu zuen Aizpuruak, «erantzukizunez» jokatzeko eta eskuinaren aurrean «ez makurtzeko».

Inbestiduran Voxekin batera bozkatzeko aukeraren inguruan, Aizpuruak zehaztu zuen EH Bilduko boto-emaileek argi daukatela «eskuin muturraren gorakadaren arduradunak» nortzuk diren: «Sei hilabetean Gobernua adostea lortu ez dutenak».