Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA

Arartekoa «bere esku dagoena egiteko prest agertu» da Xuaren kasuan

Xua Gurasoekin Etxera plataforma Arartekoarekin bildu da. Gurasoak espetxean dituen haurrak hiru urte betetzen dituen egunean (urtarrilak 19) bere gurasoengandik bananduko dutela ohartarazi diete plataformako kideek Manu Lezertua EAEko arartekoari eta erakunde horretako Justizia eta Espetxeratuen Arloko arduradun Roberto Morenori.

Zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster presoek espainiar legediaren arabera beren alabarekin batera kalean egoteko eskubidea dutela aldarrikatzen duen plataformako kideek jakinarazi dutenez, «arreta handiz» entzun zieten, eta Arartekoa «bere esku dagoen guztia egiteko prest agertu» zen.

Eskumen hori ez duen arren, Arartekoa «erabakiak hartzea dagokien erakunde eta instituzioetara zuzentzeko prest» azaldu zela nabarmendu zuen Xua Gurasoekin Etxera plataformak.

Ekimen ugari

Lasagabaster usurbildarra eta Uranga oriotarra, etxetik 600 kilometrora dagoen Picassenteko espetxean (Valentzia) daude. Xua, alaba, amarekin bizi da eta noizbehinka espetxe berean dagoen aita ikusteko aukera izaten du.

Ekainean hamar urte egin zituzten giltzapean bi presoek, eta, ordutik, zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenez baldintzapean aske geratu ahal izango lirateke legedi arrunta aplikatuko balitzaie. Horixe bera eskatzeko sortu zen Xua Gurasoekin Etxera.

Urriaren 31n Orioko eta Usurbilgo udalek mozio bat onartu zuten haurraren eta gurasoen arteko «gertutasuna» bermatzeko eskatuz. Horrez gain, sinadura bilketa zabal bat ere egiten ari dira.