GARA
GETARIA

Arrantza jasangarriaren aldeko kanpaina porturatu da Getarian

Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa Getarian porturatu zen atzo, Arrantzaren Nazioarteko Egunean, urrian abiatu zuen “Izan Itsas Zaindari!” kanpaina ibiltaria aurkezteko. Egitasmo honen helburua, besteak beste, gizartea arrantza jasangarri eta iraunkorraz eta arrainaren kontsumo arduratsuaz informatzea da.

«Garaian garaiko arraina kontsumitzeak duen garrantzia nabarmendu nahi dugu; izan ere, horrela bertako arrantza sektorea bultzatzeaz gain, ingurumena babesten da. Era berean, aztarna ekologikoa murriztu eta gehiegizko arrantza ekiditea lortzen dugu», azaldu zuen kanpainaren aurkezpen ekitaldian Izaskun Suberbiola Mater Ontzi Museo Ekoaktiboko zuzendariak.

Gainera, Suberbiolak esplikatu zuenez, kanpaina ibiltariaren bitartez arrantza sektorearen balioa nabarmendu asmo dute eta, horrela, «arrantza herritarrengana hurbildu eta sektorearekiko ezagutza areagotzea».

«Badirudi sarritan arrantza sektorea oso ezezaguna dela herritar askorentzat eta kanpaina honen bidez sektoreak barne hartzen dituen hainbat gai jorratu dira Getariako Iturzaeta Herri Eskolan eta Zumaiena Ikastetxean bertan», adierazi zuen zuzendariak.

Lan onari aitortzak

Atzo egindako ekitaldian, halaber, Getariako Elkano Arrantzale Kofradiak eta Jose Mari Etxegoien garai bateko Mater ontziko armadoreak arrantza jasangarriaren alde egiten duten lana aitortu zuten, “Mater 2019 Itsas Zaindari” aitortza emanez.

Museo ibiltaria Ondarroan, Pasaian eta Getarian porturatu da jada, eta Orion izango da abenduaren 4tik 6ra.