Amalur ARTOLA
BILBO

Sandro Pennaren unibertso poetikoa artista-liburu bilakatua

Iñigo Astiz idazleak eta Damaris Pan artistak euren ahaleginak metatu eta Sandro Penna poeta italiarrari dioten miresmena batu dute «Sandro Penna. Bilduma bat» artista-liburuan. Euskarara itzuli ditu Pennaren poemak Astizek; poetaren unibertsoa irudietan bildu du Panek. Bien artean, desiraren ehizan dabilen poetaren unibertsoa berreraiki dute.

Sandro Pennaren (Perugia, 1906 - Erroma, 1977) unibertso poetikoa izan dute oinarri Iñigo Astiz idazleak eta Damaris Pan artistak “Sandro Penna. Bilduma bat” artista-liburua osatzeko. Pennaren poesiak harrapatuta hasi zen Astiz, bere kabuz, poeta italiarraren poemak euskarara ekartzen, eta Panek, proiektuaren berri izan gabe, poeta italiarraren olerki bat bidali zionean elkarlanean zerbait egin behar zutela erabaki zuten.

«Orain zenbait urte antologia batean, pasadan bezala, irakurri nituen bere poema batzuk eta liluratuta geratu nintzen», aitortu du Astizek. Poemak gogoan hartu zituen baina autorea lauso geratu zitzaion nonbait, urte batzuk beranduago Pennaren liburu bat esku artera iritsi zitzaionean orduko hartan sentitutakoa biziberritu baitzitzaion: «Orduan ohartu nintzen urte mordoxka bat lehenagotik Pennaren poesiak harrapatuta ninduela eta, poemok nik idatziak izatea gustatuko litzaidakeenez, euskarara ekartzea erabaki nuen», kontatu du.

Artista-liburu formatua hartu zuen proiektuak eta “Sandro Penna. Bilduma bat” izenpean argitaratu berri dute, Farmazia Beltza eta Efi argitaletxeen babesarekin. Astizek ekarri ditu euskarara liburuan biltzen diren 105 poemak eta Panek, bere aldetik, poeta italiarraren unibertso poetikoarekin bat egiten duten marrazkiak ondu ditu.

Desiraren ehiztari

Astizen hitzetan, Penna, «argi esanda, oso poeta ona da, edozein poesia irakurlek irakurriko lukeena», eta haren poemak sotil bezain sakonak direla nabarmendu du: «Sinpleak dira, gardenak, kantu moduko doinu bat badute atzean eta erostismoz beteta daude». Baina Pennaren poesia ezerk berezi egiten badu, hori desira dela ziurtatu du: «Bere poema askoren motorra eta helmuga desira da. Bazuen desira bat mutilekiko eta desiraren pizte momentu horretan kokatzen ditu poema gehienak. Asko momentuan hartutako apunteen modukoak dira, dir-dir egiten duen momentu bat harrapatzeko saiakerak balira bezala», azaldu du. Itzultzailearen hitzetan, gardentasuna, erotismoa eta desirak harrapatzeko nahia, hiru horiek lirateke Pennaren poesiagintzaren ardatzak.

Pennaren jarraitzaileak ere izan ditu gogoan Astizek; horien artean, Pier Paolo Pasolini zinemagilea eta Natalia Ginzburg idazlea. «Bazituen oso zale famatuak. Pasolinik, esaterako, maiz esan zuen Penna zela bere poeta gogokoenetako bat eta Ginzburgek ere ikaragarri maite zuen. ‘Zorion zentesimen poeta’ zela esaten zuen, bere poesia oso umila baita».

Desiraren ehizan aritzeko zirrara hori bere ibilbide osoan mantendu zuen Pennak, horrenbeste non, Astizen hitzetan, zaila baita italiarraren poemak aroka edo kronologikoki sailkatzea. «Esan daiteke bere bizitza osoa eman zuela desiraren inguruko poemak idazten eta, hortaz, bere liburu guztiak atenporalak dira; ez dago argi zein den lehenagokoa eta zein ostekoa». Poemen hautaketa egiteko orduan, alde horretatik ez duela zailtasun handirik izan aipatu du: «Gehien gustatzen zaizkidan poemak hautatu ditut, itzuli, eta gero gehien gustatzen zitzaizkidan itzulpenak aukeratu ditut libururako».

Irudien poetika

Argitalpenean argi ikus daitekeenez, poema laburrak osatu zalea zen Penna; Astizek esan bezala, sentipen edo une baten adierazpen izan nahi dutenak, eta artista-liburuan olerki bakoitzari bere espazioa eman nahi izan diote, presentzia, irakurleak apurka dasta ditzan.

Era berean, irudietan ere desagertzera doan une horren adierazpena bildu nahi izan du Damaris Panek, eta orri zuria eta arkatza baliatu ditu zeregin horretarako. «Ikusita Sandroren poesia hain laburra edo sintetikoa dela, hura itoko ez zuen marrazki mota hautatu behar nuen, ilustratibo edo anekdotiko gera ez zedin», azaldu du, eta horregatik egin zuen zuri-beltzeko marrazkiaren aldeko hautua, trazoaren berehalakotasuna nabarmentzeko. «Trazuaren bidez ere harrapa daiteke momentuan gertatzen den hori, oso zuzena baita», argudiatu du.

«Marrazkiak autonomoak dira», argitu du artistak; «ez ditut irudiak egin poema horiek ilustratu nahian», baina horien bidez Pennaren unibertso poetikoa iradoki nahi izan duela baieztatu du, harekin bat egin.

Argitalpenak beste bi elementu ere baditu: hitzaurrea Alex Gurrutxaga literatura irakasleak egin du eta amaieran jatorrizko poemak batu dituzte, azken hauek hori kolorez nabarmenduta –bilduma zuri-beltzean egina da, kolore horiko xehetasunekin–, Panen hitzetan, atzean badoaz ere presentzia irabaz dezaten: «Ez ditugu italierazko poemak eta itzulpenak orri berean eman nahi izan, ze poemak berak irudi bat sortzen du orrian, eta biak sartuta hori galdu egingo genuen. Amaieran jarri ditugu, hori distiratsuz, duten garrantzia azpimarratzeko».