Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Sokatirako finalak bi mailatan, bihar Ibarran

Euskal Herriko 4x4ko sokatira txapelketako aurreneko txapelak bihar banatuko dira, 17.00etan Ibarrako Belabieta kiroldegian. Bertan gizonezkoek 320 kilotan izango dituzte neurketak eta ligaxkan finalerako sailkatu diren laukoak Beti-Gazte, Ibarra A, Gaztedi, Ibarra B, Ñapurrak eta Txantrea dira. Txapelaren jabe egiteko faboritoa Laukizko Gaztedi izango da. Borroka gogorrena Beti-Gazterekin izango du eta, Ibarran jokatuko dutenez, herriko taldeak ere zer esana izango du.

Emakumezkoetan, 240 kilotan, bost talde ariko dira: Beti-Gazte, Ibarra, Antsoain, Gaztedi eta Bizindar. Hemen aurreneko bien artean izango da lehia gogorrena.

Lasto-altxatzea Mundakan

Mundakako kiroldegian gizonezkoen eta emakumezkoen lasto-altxatzeko finalak jokatuko dira bihar, 18.00etatik aurrera. Gizonezkoek 45 kiloko lasto fardoa sardearekin 7 metroko alturan egongo den langaren gainetik pasatu beharko dute. Partaide bakoitzak bi minutuko txanda izango du. Andoni Elizondo, Jon Loiola, Joseba Legarreta, Bingen Erleaga eta Jose Martin Bustinza lehiatuko dira.

Emakumezkoen lehian Esti Cidad, Ruth Linaza eta Garbiñe Lopez de Uralde jardungo dira norgehiagokan. Horiek 30 kiloko fardoak erabiliko dituzte eta langa 5 metroko altueran egongo da. Kirolari bakoitzak bi minutuko txanda izango du.

Urrezko Aizkolariak

Igandean, 12.30ean, Usurbilgo Saizar sagardotegi aurreko plazan Urrezko Aizkolarien jardunaldia izango da, Gabonetako Kopa. Urtero egiten duten ekitaldiak jarraipena izango du. Bi aizkolari neurtuko dira elkarren aurka: Ugaitz Mugerza, azken bolada honetan gorantz doan mutrikuarra, eta Eneko Otaño, Beizamako aizkolari gaztea.

Harri jasotzen ere Gabonetako Kopa jokoan da eta leku berean Mateo Colomo eta Xabat Olaizola neurtuko dira. Emakumeei dagokienez, Ingude Kopa jokatzen ari dira eta Saizarren parte hartuko dutenak Estibaliz Cidad eta Naiara Ferran dira.

Giza proba Bizkaian

Igandean, 18.00etan, jokatuko da Bizkaiko giza proba txapelketako finala harri handi nahiz txikiarekin. Harri handiarekin Eneko Bilbao, Gorka de la Concepcion, Santi Zubizarreta eta Aitor de la Concepcion lehiatuko dira. Harri txikiarekin, beste laukote hau: Gotzon Abasolo, Beñat Amade, Jon Ormaza eta Unai Ardeo.