Andoni ARABAOLAZA
XEDEA

Everest neguan bakarkaigotzeko prestaketetanburu-belarri sartuta

Jost Kobusch alemanak munduko mendi garaiena Hornbein korridoretik igo nahi du. Entrenamendu gisa, Amotsang mendiaren (6.393 m) lehen igoera egin du. Orain, Chulu mendien zeharkaldia egiten ari da.

Hilabete bat baino gutxiago falta da neguan sartzeko, eta sasoi horretan zortzimilakoak eskalatu nahi dituztenak jo eta su ari dira jada prestaketa lanetan. Horietako bat Jost Kobusch da. Duela hilabete batzuk iragarri zuen bere asmoa Everest mendia (8.848 m) Hornbein korridoretik bakarka igotzea dela.

Egitasmoaren berri eman zigunean harridura eragin zigun. Alde batetik, korridore historiko horrek bakarka eta neguan muturreko konpromisoa eskatzen duelako. Eta bestetik, izaera horretako jarduera bat 27 urterekin aurrera eramango duelako.

Gaztea da, bai, baina estilo horretan eskarmentu handia hartzen ari da. Bere curriculumean honako zerrenda dauka: Annapurna (8.091 m), Nangpai Gossum II mendiaren (7.296 m) lehen igoera, Alaskako Moose Tooth mendiaren mendebaleko gailurraren neguko lehen igoera... Eta iragan urriaren 24an gaztearen azkenengo balentria iritsi zen: Amotsang mendiaren (6.393 m) lehen igoera.

Seimilako hori Annapurna inguruan dago, eta aurreratu behar da 2001era arte guztiz “itxita” egon zela. Nahiz eta beste hiru espedizio saiatu diren aurretik mendia igotzen, hemezortzi urte egon da igo gabe.

Entrenamendua

Alemanak onartu du Amotsang mendiaren lehen igoera egitea ez zela bere xede nagusia: «Neguan Everesten dudan erronkarako ondo etorri zait. Banekien igo gabe zegoela, baina garrantzia gehiago beste eite bati eman diot; hain zuzen, bakarkako eskarmentua sendotzeari».

Nepalgo seimilako horretan egin duen espedizioaren inguruan, Kobusch berak aurreratu du bakarkako eskaladekin harrapatuta dagoela: «Mendia eta biok gaude bakarrik. Dena neutrala da, dena orekan dago, ez dago galderarik eta erantzunak egunero heltzen dira. Amotsang mendiaren kanpaleku nagusira hamahiru eguneko zeharkaldiaren ondoren iritsi nintzen. Tresneria guztia garraiatzen hiru zamaketarik lagundu zidaten. Ondoren, hiru astez bakar-bakarrik egon nintzen. Ekialdeko aurpegitik igo nahi nuen, baina teknikoki zaila zen eta zailtasun horiek gainditzeko sokakide bat behar nuen. Azkenean, hegoaldeko ertza aukeratu nuen».

Nahiz eta ibilbide horrek ezusteko batzuk eman zizkion, Kobuschek ez zuen arazorik izan gailurra zapaltzeko. Entrenamendu horren ostean, atseden hartu eta berriro martxan jarri da. Chulu mendien zeharkaldia da alemanaren azken etapa Everestera jo aurretik.

Honi buruzko guztia: XEDEA