GARA
BILBO

Ignacio Goitiak bere munduaren ikuskera darama Rekalde aretora

Ignacio Goitiak azken hiru hamarkadetan egin dituen lanen hautaketa jarri du ikusgai Bilboko Rekalde aretoan. Goitiak, ikuspegi eta estilo oso pertsonalaren bidez, immigrazioa eta globalizazioa bezalako gaiak jorratzen ditu, arkitektura handien semiotikari eta boterearekin duten harremanari buruz ere hausnartuz. Erakusketan artistaren berrogeita hamar lan ikusteko aukera dago eta urtarrilaren 26ra arte egongo dira Rekalde aretoan.

Rekalde aretoak Ignacio Goitiaren atzera begirako erakusketa du ikusgai urtarrilaren 26ra bitartean. Erakusketak bere berrogeita hamar lan adierazgarrienak biltzen ditu, oso leku ezberdinetako bilduma partikular eta instituzional ezberdinetakoak.

Rekaldetik azaldu dutenez, topaketak bidaia bikaina islatzen du, edo, hobeto esanda, Ignacio Goitiak bere “Grand Tour” partikularrean egin dituen bidaia ugariak, «artistak etengabe mugitu, zalantzan jarri eta aurrera egin duelako, gaur egungo arkeologoaren antzera, bizitzako esperientzia aberasgarrien eta bere sorkuntza-lanak kokatzeko agertokien bila».

Rekaldetik nabarmendu dutenez, Goitiak, ikuspegi eta estilo oso pertsonalaren bidez, immigrazioa eta globalizazioa bezalako gaiak jorratzen ditu, arkitektura handien semiotikari eta boterearekin duten harremanari buruz ere hausnartuz.

«Joan-etorriko bidea da, non denborak norabidea aldatzen duen, gelditu egiten den edo bere nahierara azeleratzen den, mundua ikusteko beste modu bat erakusteko, margolariak bere lan bakoitzean islatzen dituen ikuspegi originalen bidez», zehaztu dute Rekaldetik.

Erakusketara sartu aurretik hasten da bidaia, kalean, erakusleihoa esku-hartze iradokitzaile bilakaraziz, non arte garaikidearen munduaren faltsutasunaz edo ilusioaz hausnartzen duen. Tableau vivant moduko bat da, Goitiaren koadro bat bere pertsonaiekin birsortzen duena.

Erakusketa bere azken lanarekin hasten da: “Esfortzuaren alegoria” (2019). Lan horretan adierazten du zaila dela lortu nahi diren helburuak lortzea. Ondotik, bere lehen garaiko koadroak ikus ditzakegu, jauregi inguruetan dauden jirafak protagonista dituztenak. Hemen, arkitektura handiek egun ezarririk dauden botereekin duten sinbologiaz, semiotikaz eta harremanaz hausnartzen du.   

1991. urtean, Goitia lehen aldiz joan zen San Frantziskora eta Folsom Street Fair deskubritu zuen, leather jaialdi enblematikoa (larruaren estetika lantzen duena), aire zabalean, hiriaren erdian. Egun argiz modu desinhibituan agertuz kolektiboak erakusten duen naturaltasunak eta errespetuak liluraturik, “Folsomen oroitzapenak” izeneko saila abiarazi zuen.  

Ondoren, hormak estaltzen dituzten paper margotuak dituen gortesau-areto berezia birsortzen du artistak, boiserie gisa; paper margotuok bere obra propioak biltzen dituzte: conversation pieces (amodiozko elkarrizketa-erretratuak).

Hurrengo aretoan, hirigintzak hari gidari gisa jokatzen du; izan ere, Goitia hiri-trazatuen azterketaren, hura boterearen irudikapenera eroatearen eta betiere konplexu samarrak diren hirigintzako planei ezkutuan loturik dagoen ororen zale sutsua da. Gauza bera gertatzen da immigrazioa lantzen duten obretan, zeinetan jantzi aberatsak dituzten dromedarioak eta elefanteak agertzen baitzaizkigu; eta gauza bera jazotzen da, halaber, globalizazioaren aurrean tokiko identitate bat defendatzeko modu gisa ulertzen den folkloreari balioa ematen dioten eszenetan.

Atlantez margotutako paperezko gelan, arkitektura handien arteko konposizioak nahasten dira, eta erlijioaz, diskriminazioaz, maitasunaz eta gerraz hitz egiten dute.

Azkenik, Goitiak 2019an Estatu frantseseko Loira Haraneko eskualdeko château batean margotu zuen jangelaren sabaiaren argazki erreprodukzio bat aurkezten da. Margolanak bere jabeen familiaren historiaren erreferentziak erakusten ditu, indiar kutsuarekin.