Jon ORMAZABAL
RAKETISTAK

Puzzlea osatzeko bidean

19 udalerritako 61 raketistaren datu-basea jarri du sarean Raketistak Lehen eta Orain kultur elkarteak.

Bost urte badira dagoeneko Raketistak Lehen eta Orain kultur-kirol elkarteko Ainhoa Palomo eta Jon Juanes oiartzuarrak iragan mendeko fenomeno handi hau arakatzen eta ikertzen hasi zirenetik, eta atzoz geroztik Raketistak.com helbidean eskuragarri daude proiektuarekin bat egin duten 19 udaletako pilotarien datuak, interesa duen edonork kontsultatu ahal izan ditzan.

Zailtasunak zailtasun, adinean aurrera egindako emakumeak dira bere garaian raketista profesionalak izandako gehienak, eta beraien jardunak tabua izaten jarraitzen du kasu askotan; ibilbide honetan Hego Euskal Herriko 48 udalerritako 237 profesional identifikatzera heldu dira, baina Ainhoa Palomok atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, «askoz gehiago izango ziren eta guk puzzle hori osatzen jarraitu nahi dugu».

Erakusketa, filma, datu basea

Bost urte hauetan bildutako informazioak –500 giga, Jon Juanesek jakinarazi zuenez; orain gutxi Arrasatetik 400dik gora argazki biltzen zituen maleta handi bat jaso zuten– dokumental baterako, erakusketa baterako eta atzotik martxan dagoen datu base digitalerako materiala eman die, baina dituzten aukeren arabera, ikertzen jarraituko dute, ondo baitakite raketisten mugimendua askoz zabalagoa izan zela. Oraingoz, sarean 61 emakumeren datuak jarri dituzte eskuragarri, proiektuan parte hartu duten udalerrietako pilotarienak hain zuzen ere (Asteasu, Oiartzun, Anoeta, Lezo, Errenteria, Deba, Mutriku, Andoain, Arrasate, Soraluze, Ibarra, Elgoibar, Errezil, Getaria, Zarautz, Irura, Zestoa eta Markina).

Ipar Euskal Herrian ez dute oraingoz raketistarik topatu, baina bai gainerako herrialde guztietan eta, momentuz, gustura daude, emakume horien jarduna gero eta ezagunagoa delako gizartean. Raketistak gutxi eta Eibarkoak soilik ziren ustea ere pixkanaka gezurtatzen ari direla uste dute, jasotako datuak zabaltzean.

Informazio hori oso era desberdinetan jaso dutenez, argitaratu dituzten 61 fitxa horietan desoreka handiak daude pilotari batetik bestera; batzuk aipamen hutsak dira, eta beste batzuk, berriz, argazkiz, karteleraz eta prentsa aipamenez osatutako pieza oparoak.