2019/12/01

JOSEBA B. LENOIR
MUSIKARIA

Bakarkako bidea etenda bazuen ere, zinemarako proiektu batek sormen bulkada berpiztuta, «Instroak Vol.3» kaleratu berri du Joseba B. Lenoirrek. Zinemarako musika izan du hauspo, atmosfera jakin bat eta, beratarraren estilora, ñabardura asko dituen disko instrumentala sortzeko.

«Proiektu honekin gitarra hartzera bultzatzen nauen grina berreskuratu dut»
Amalur ARTOLA|GASTEIZ
1201_kul_lenoir1

Joseba B. Lenoir ez da geldirik egotekoa. Bakarkako ibilbidea momentuz etetea erabakia bazuen ere, “Bai bagara” dokumentalerako –Zinebin aurkeztu zuten eta hurrengo astean emango dute ETBn– soinu-banda egiteko eskaera jaso zuenean, birritan pentsatu gabe, buru-belarri murgildu zen proiektuan. Ez hori bakarrik: sortu zituen piezek nortasuna zutela sumatu eta abestiak sortu ditu, ñabarduraz betetako atmosfera batera garamatzaten 8 kantu, Lenoir-en zigilua daramaten 8 harribitxi. Erraiak eta Forviden Colors etxeen batuketari esker ikusi du argia, CD eta binilo formatuan.

«Instro»-ren hirugarren bolumena dakarzu. Nola sortu da proiektua?

Disko hau enkargu baten ondorioz sortu den zerbait da. Nik duela urte eta piko utzi nion jotzeari nekeagatik eta hainbat arrazoigatik, eta ez nuen deus argitaratzeko asmorik. Rock disko bat prestatu nahi nuen, baina denborarekin eta lasai, agendarik gabe. Baina Larraitz Zuazok “Bai bagara” filmerako musika enkargatu zidan eta horregatik jarri nintzen berriro instrumentalen kontuarekin. Aurretik baditut bertze bi disko instrumental [“Instroak Vol. 1” (autoekoizpena, 2012) eta “Instroak Vol.2” (Gaztelupeko Hotsak, 2013)], baina ez zegoen nire planetan arlo hori berreskuratzea. Printzipioz pelikularako izango zen musika baina, azken emaitza ikusi eta gero, konturatu nintzen hamaika abestiko bilduma bat zegoela bertan, beren kabuz zentzua zuten abesti independenteak, eta erabaki nuen horietako zortzi hartu eta disko itxura ematea.

Atsedenaldia hartzea erabakia zenuen. Zerk motibatu zaitu proiektu honetan mugiltzera?

Krisialdi momentu bat pasatzen ari nintzen, ez nuen indarrik aurpegia emateko eta proiektu baten ardura nire gain hartzeko, eta sormen aldetik ere ez nuen aurkitzen biderik, nahiko blokeatuta sentitzen nintzen. Eta proiektu honek lagundu dit aunitz blokeo horretatik irteten. Larraitzek deitu zidanean erakarri ninduen neure burua zineman sartze horrek, aspaldi egin nahi nuen zerbait zen, eta behin lanean hasita konturatu nintzen sormen aldetik desblokeatzen ari nintzela, bat-batean lanean aritzeko inpultso hori banuela. Estudioan sartu eta orduak pasatu zitzaizkidan konturatu gabe, ideia pila bat ateratzen zitzaizkidan. Alde horretatik hagitz pozik nago.

Filmaren hariari lotuta konposatu behar izan duzu. Zer moduz aritu zara eremu berri horretan?

Larraitzek deitu eta esan zidanean nigan pentsatu zuela musikarako, ez zidan askoz informazio gehiago eman, baina nik baiezkoa eman nion hasieratik. Kasik zerotik joan naiz ikusten filma nola joan den sortzen eta horrek lagundu dit. Filmaren ideia Iñaki Goirizelaiarena da, road movie antzeko bat: AEBetan zehar bidaiatzen du eta arrakasta lortu duen euskaldun jendearekin elkarrizketak egiten ditu, baina aldi berean galdera aunitz egiten dizkio bere buruari, eta saiatzen da ondorio batzuk ateratzen. Bere bidaia propioa ere bada.

Larraitzek berak pasa zizkidan lehendabiziko montajeak izan nituen abiapuntu. Berak gida bezala nire aurreko diskoetako musika zatiak erabili zituen, baliagarri ikusten zituen tonuak, koloreak eta erritmoa zuten kantuak. Irudien eta berak aukeratutako musika horien artean aritu naiz.

Lehen «Instroa»-n giro jakin baten bila aritu zinen. Hemen ere hori eskatu zizuten, atmosfera bat sortzea?

Bai, eta emaitza nahiko atmosferikoa izan da, azken finean helburua irudi horien ezaugarriren bat indartzea zelako, erritmo zein kolore aldetik. Baina, edozein modutan, filmerako musika zati laburrak eskatzen zitzaizkidan, eta nik zatitxo horiek hartu ditut aitzakia moduan kantu osoak, mundu oso bat garatzeko. Hasiera batean neure burua inspiratzen laguntzeko, baina gero nortasuna zuten piezak atera zaizkit.

Nortasuna eta ñabardura asko. Atmosfera bat lortu nahi izan baduzu ere, bluesa, folka, rocka… ñabardura ugari duten kantuak dira.

Uste dut nire bakarkako ibilbideko disko guztietan errepikatzen den ezaugarria dela ñabardurena, ez dakit onerako edo txarrerako. Aunitzetan pentsatzen dut gustatuko litzaidakeela kapaz izatea kantuak egiteko elementu supergutxirekin, baina ezin dut. Beti izan naiz hagitz kontziente horretaz eta, gainera, egia da orduak pasa ditudala ñabardura horiek bilatzen; landutako zerbait da, izaten ahal dena, erran bezala, onerako edo txarrerako, bukatu ahal duzulako abestia gehiegi kargatzen.

Agian erronka bezala planteatu beharko nuke etorkizunean disko bat argitaratzea tresna pare batekin edo bizpahiru elementurekin.

Kasu honetan zenbat instrumentu erabili dituzu? Guk sumatu ditugu teklatua, baxua, perkusioa, sintetizadoreak… eta gitarrak, noski.

Bai, bai, pila bat. Bateriak Felix Buffek grabatuak dira eta gainerako tresnak nik, aipatu dituzunak, elektrikoak zein akustikoak, eta batez ere teklatua. Aurreko diskoetan beti gustatu izan zait teklatua zertxobait sartzea eta, menderatzen dudan tresna ez den arren, asko gustatzen zait soinua eta konponketak egitea teklatuak eskaintzen duen sonoritate guzti horrekin. Sintetizadoreak ere gehien erabili ditudan aldia da eta, gero, soinuarekin pixka bat jolasteko estudio txiki bat jarri nuen martxan urte hasieran, laborategi gisa. Eta jolas horretatik ere badago zerbait diskoan, tresnak jotzeaz batera, tresna horiekin sortutako soinu horiei forma berriak ematen ere saiatu naiz.

Esperimentazioari bidea irekitzeko sortu duzu estudioa?

Bai. Ez dut neure burua esperimentazioko artista gisa ikusten, baina beti izan dut joera hori, batez ere izan ditudan baliabideak normalean nahiko mugatuak izan direlako, eta eman ahal zidaten aukera zabalena bilatu behar izan diet. Adibidez, mandolina beste tonu batean afinatu eta beste instrumentu baten soinua bilatzen ahalegindu izan naiz.

Etxean grabatu izan dudanean beti deitu izan diot Gako Beltz estudio mugikorra, eta orain Gako Beltz estudioak badu bere espazio propioa.

Zer ematen dizu estudio profesionaletatik urrundu eta intimotasun horretan grabatzeak?

Hasteko, giro konkretu bat, intimoa eta lasaia, presiorik gabea. Estudioetan, nahiz eta konfiantzazkoak izan, ez zaude zure etxean. Etxean, ez duzu inoren erritmora egokitu behar eta zure jardun produktiboa ona izaten ari denean ez duzu eten beharrik. Eta, noski, estudio profesionalen tarifak saihesten dituzu, ze nik, tamalez, aurrekonturik gabe egiten dut lan beti.

Bakarkako bidea eten bazenuen ere, taldekakoa ez.

Hori da, Izaki Gardenakekin nabil, Maiz-ekin (Miren Narbaiza) grabatu berri dut eta Señor No-rekin ari naiz gitarrista gisa. Eta Gasteizen ere talde berri bat muntatzen ari gara... eta abar.

Ezin geldirik egon.

Ez, eta gainera nire bizimodua musika zela erabaki nuen eta alokairua ordaindu ahal izateko hainbat lan pilatu behar dituzu, bestela ezin zara honetan aritu %100ean.

Zer desberdintasun topatu dituzu taldean aritzetik bakarka aritzera?

Taldean aritzea erraza eta erosoa da; bakarka ari zarenean erabaki guztiak zuk hartu behar dituzu eta berri onak direnean denontzat dira berri onak, baina ‘marroiak’ zuretzat bakarrik dira, aurre egin behar diozu aurkezten zaizun edozein atakari eta gure ofizio honetan dezentetan egin behar izaten diegu aurre egoera konplikatuei. Orduan, ez baldin bazaude indar handiarekin hagitz konplikatua da.

Baina, era berean, uste dut musikari ezberdinak daudela eta batzuk jaio direla taldean aritzeko eta bertze batzuk zerbait gehiago bilatzeko. Niri erosoa egiten zait taldeetan aritzea baina, musikan, behar izaten dut berritzen joatea, eta egiten ditudanean hamar kontzertu jarraian kanta berdinak joz aspertu egiten naiz. Erosoa da, baina ez nau asebetetzen. Eta nire bakarkako kontuekin ez zait hori pasatzen; aspertzen hasten banaiz, zerbait berria egiten dut.

Badakizu zer gertatuko den zure bakarkako ibilbidearekin?

Disko hau zuzenean aurkeztuko dugu, baina gauza nahiko esklusiboa izango da; bost kontzertuko bira motza izango da, talde formatuan, eta Larraitzek prestatuko ditu ikus-entzunezko batzuk non irudiak musikara egokituko diren. Hori da etorkizun hurbilena. Gero, nire hurrengo diskoa izango dena dut buruan, nahiko argi dut kontzeptua eta kanta batzuk ere baditut, baina ez dakit ze itxura izanen duen.

Ezer aurreratzerik bai?

Instrumentala izan beharrean, nire hurrengo pausoa izanen da rock hizkerako disko bat sortzea, abestua eta nahiko tonu ilunekoa. Oraindik gehiago joango naiz ertzetara. Horrelako zerbait. Badaezpada ez dizut gehiegi kontatu nahi, ze gero nik neuk ere aldatzen dut iritziz nahiko maiz eta auskalo zer aterako den bukaeran.

Musika instrumentala ez da belarri guztientzat izaten. Apustu handia da.

Berez jendeak apenas entzuten du musika, denak joaten dira pelikulak ikustera edo irakurtzera, eta bizi garen abiadura honetan ez baduzu aurkezten begietatik lehendabiziko hamar segundoetan sartzen den zerbait nahiko kondenatua zaude ertzetan geratzera. Niri ere kostatzen zait musika instrumentala entzuten jartzea, esfortzu bat eskatzen dizulako, nahiz badakidan bueltan jasotzen dudanak ez duela preziorik. Edozein modutan, ez da arduratzen nauen zerbait. Badakit inoiz ez dudala eginen masa handientzako musika eta geroz eta argiago dut nire jarduna hagitz konkretua dela. Eta gustura nago.

Bakarkakoari eusteko motibazio bat behar zenuela esanez hasi dugu elkarrizketa. Diskoa amaituta, nola sentitzen zara?

Pozik. Berriro konektatu dut nire orain urte batzuetako buruarekin. Lan handia izan da, momentu batzuetan nekeza eta zaila, baina disfrutatu egin dut eta berreskuratu dut gitarra hartzera bultzatzen nauen grina, estudiora sartzea kasik behar fisiologiko bat izatea, bestela ez dudalako lasai deskantsatzen. Hori berreskuratu dut. Eta niri horrek ematen dit bizitza.

Taldean aritzea erraza eta erosoa da; bakarka ari zarenean erabaki guztiak zuk hartu behar dituzu eta berri onak direnean denontzat dira berri onak, baina ‘marroiak’ zuretzat bakarrik dira.
Instrumentala izan beharrean, nire hurrengo pausoa rock hizkerako disko bat sortzea izanen da, abestua eta nahiko tonu ilunekoa. Oraindik gehiago joango naiz ertzetara. Horrelako zerbait.