2019/12/02

Erreportajea
 
«GOGOZ EGINDAKO PROIEKTUEK ESFORTZU ERDIA ESKATZEN DUTE»

Pasioa eta ezagutza batuta, diziplina anitzeko tailerrak eskaintzen dituen elkartea eratu dute hiru ekintzailek. Adierazpen artistikoez gain, balioak eta gaitasunak ere lantzen dituzte saioetan. Eibarren gauzatzen dute ekimena, eta bertako Ekinguneak saritu ditu.

Maitane ALDANONDO
1202_eko_kaxa

KAXA dantza eta mugimendua oinarri dituen egitasmoa da, baita hori baino askoz gehiago ere. «Espazio libre bat norberak nahi duena izateko», eta era berean, elkarlana, hezkidetza, integrazioa edota euskararekiko konpromisoa bezalako balioak lantzeko bidea. Jone Barandika, Maria Crucelaegui eta Marta Prol sustatzaileen ikasketak eta pasioa batzen ditu proiektuak, eta On Ekin negozio-ideia lehiaketako lehen saria irabazi zuen urrian.

«Familian eta mimoz» sortu duten elkartea da. Hirurek haurrak zirenetik dantza egiten dute eta urteak daramatzate horretan elkarrekin eta lankidetzan. Bakoitzak bere arlo profesionala batuta, psikologia, hezkuntza eta ikus-entzunezkoak tartekatzen dituzten jarduera artistikoak osatu dituzte. Aspaldiko amets bat zen, iaz egikaritu zutena Eibargo Helment Housen zenbait asteburutan saioak burututa. Prolek gogoratu duenez, «hiru orduko tailerrak ziren. Elkarlanean musika ikuskizun labur bat prestatu genuen ikasleekin. Esperientzia zoragarria izan zen, eta arrakasta ikusita, proiektua handitzeko behar genuen bultzada lortu genuen».

Erabakia hartuta, esparru asko kontuan hartu behar izan dituzte, eta bidean, Eibar Coworking-en aholkularitza eta laguntza izan dute. Urrian Eibarko Ekingunea ekintzaile elkarteak antolatutako On Ekin lehiaketara aurkeztu ziren, eta hori prestatzeak KAXA benetakoa zela barneratzeko balio izan die. «Prozesu intentsua izan da, baina gogoz egindako proiektuek esfortzu erdia suposatzen dute». Halako ekimenak antolatzea eskertu dute, ekintzaileei ideiak aurrera ateratzeko behar duten bultzada ematen baitiete. Prolek nabarmendu duenez, «lan prozesua gogorra izan da, eta herriarentzat egindako proiektu bati horrelako aitortza ematea eskertzekoa da. Oso pozik gaude sariarekin». Proiektua ezagutzera emateko aukera balioesten dute eta 2.500 euroko diru saria egitasmoaren beharretara bideratuko dute. Harrera «zoragarria» izan badute ere, bakoitzak bere lanari eutsi behar dio oraingoz.

 

Diziplina eta balio anitz

Sei jarduera dituzte KAXAn: Mugisormen, Antzezpena, Hasi dantzan, Dantza lehiaketa, Dantza fitness eta Hauspoa. Ekimen guztiek musika eta mugimendua dituzte abiapuntu, eta hauei lotuta, askotariko gaitasunak jorratzen dituzte, besteak beste, erritmoa, malgutasuna, komunikazioa, sormena, psikomotrizitatea eta muskuluen indartzea. Partaideek ikuskizun bat sortzeko prozesua ikasi eta fase guztietan disfrutatzea nahi dute. Gizarte aktiboa bultzatzeko, proiektuak guztiek artean gauzatzen dituzte: gaia erabaki, musika aukeratu, bideoak eta dekoratuak egin... «KAXAn, ideia guztiak baliodunak eta beharrezkoak ikusten ditugu», zehaztu du Prolek. Halaber, konpromisoa, integrazioa edo sormena eta halako balioak ere presente daude.

Diziplina ugari lantzeak bereizten ditu, inguruan ez baitago halako besterik. Gainera, edonori zabalik dauden jarduerak gauzatzen dituzte, haur eta helduen osasun fisiko nahiz emozionala sustatuta. 3 urtetik hasita, adin guztietako taldeak dituzte. Izan ere, arduradunaren esanetan, «denontzako tokia dago Kaxan. Pertsona berriak ezagutzeko leku bat da, belaunaldien eta gizarte-taldeen arteko harremanak sortzeko tokia, jendeak talde baten parte dela sentitzekoa. Mugimendu bat, familia bat».

Eibarko zenbait txokotan gauzatzen dituzte saioak astegunetan: Eibar Sasoian, Helmet House, Juanito, Kore, San Andres eskola eta Eibar BHI Institutuan. Azken honetan, eskolaz kanpoko programa bat aurrera daramate. Ostiraletan, berriz, doako Mugisormen tailerrak egiten dituzte ikasle eta gazte eibartarrentzat, eskolaz kanpoko ekimenik egiterik ez dutenei aukera emanez. «Oso interesgarria iruditzen zaigu. Talde lanaren garrantzia ikasten dute, eta aldi berean, batzuek besteengandik ikasten dugu. Poliki-poliki gazteen artean komunitate artistiko bat sortzea da gure helburu nagusia», azaldu du arduradunak. Horrez gain, artea aldarrikapen tresna ere badela uste dutenez, kultur eta gizarte ekitaldietan parte hartzen dute, Euskararen Egunean edo Emakumeen Egunean, adibidez. Ildo beretik, jarduera bat euskaraz aurrera daramate, txikienek hizkuntza esparru akademikoari bakarrik lot ez diezaioten.

Etorkizunera begira, ilusioarekin lanean jarraitzea helburu dutela nabarmendu du Prolek. «Etengabeko prestakuntzan eta mugimenduan egotea, asko maite dugun proiektu hau eraikitzen jarraitu ahal izateko», eta poliki-poliki, posible den heinean, ikastaroak gehituko dituzte; baina oraintxe «daukaguna zaindu eta goxatu nahi dugu».