Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - RETABET BILBAO BASKET

Merezi baino askoz zigor gogorragoa jasan dute

Ia azkenera arte lehiakor izan arren, ezin izan dute Badalonan irabazi «beltzezko gizonek». Prepelic etaXabi Lopez-Arostegiren lan bikainak ez ezik, epaileek ere zerikusi handiegia izan dute azken emaitzan.

JOVENTUT 97

RETABET B. BASKET 86


Badalonan galtzea ez da lotsagarria, baina merezi baino zigor gogorragoa jaso zuten atzo RETAbet Bilbao Basketeko jokalariek. Ia azkenera arte partida lehiatzeko gai izan ziren, nahiz eta aurrean Klemen Prepelic eta Xabi Lopez-Arostegi lako jokalari apartak izan. Alabaina, epaileen lana ere tartean sartu zen, behar baino falta gehiago adieraziz bizkaitarren aurka, atsedenalditik aurrera batik bat. Ez zuten epaileen erruz galdu, baina behar baino zerikusi handiagoa izan zuten.

Aurreneko erdian, hala ere, Bilbao Basketek bere minuturik onenak jokatu zituen. Zortzigarren saiakerara arte ez zuen hirukorik sartu, baina markagailuan aldea hartu zuen, Lammersek egundoko bigarren laurdena jokatu ostean. Pibot estatubatuarrak aurreneko kolpea eman bazion Joventuti, Rouselle eta Beouteille frantsesek halako batean sartu zituzten hiruko biek Mumbruren mutilak 11 puntuz goitik jarri zituzten: 25-36.

Katalanen errotazioa ez zebilen finegi eta ondorioz, Carles Duranek Omic, Lopez-Arostegi eta Prepelic kantxaratu behar izan zituen. Hirukoetan asko asmatu ez arren, jaurtiketa libreen bidez katalanek Bilbao Basketi 13-4ko partziala ezarri zioten eta aurreneko erdira bizirik iritsi ahal izan zuten, markagailua 38-40 zela.

Epaileen erokeriak

Prepelic eta Harangodyk hiruko bana saskiratu zuten hirugarren laurdenaren hasieran. Bilbotarrak lokartu samar kantxaratu ziren, eta akordatzerako, markagailuan zazpi puntu atzetik, 47-40 eta falta mordo bat bizkarrean zeuzkaten, baita Alex Mumbru entrenatzaileak teknika bat ere.

Izan ere, epaileek talde biak erotu zituzten, baita Palau Olimpiceko zaleak ere, beren kriterio aldaketekin; tarteka zernahi falta pitatzen zuten eta tarteka dena zen libre. Bilbotarrek ere errekuperatu zuten martxa epaileen txistu festaren ondotik, eta Bouteillen bidez 54-58 aurreratu ziren «beltzezko gizonak». Alabaina, Joventuteko ordezko jokalariek aurreneko laurdenean ez bezalako jokoa atera zuten hirugarren laurdenean, Dimitrijevic eta Harangodyk batez ere. Hala, 10-2ko partziala lortu zuten Carles Duranen gizonek. Dena den, Rafa Martinezen aurreneko bi puntuek markagailua 64-62 laga zuten azken laurdenaren hasieran.

Baina azken laurdenean bilbotarrek ez zuten aukerarik izan. Ahaleginak eta bi egin zituzten eta 78-76 ere mantendu ziren laurden amaiezin baten erdian. Zoritxarrez, Joventuten talentuak eta epaileen lanak asko zaildu zituzten bizkaitarren lanak, tartean Jaylon Brown egotzi zutelarik, falta tekniko harrigarri bat adierazi ostean.

Markagailua 81-76 zela, Lopez-Arostegi getxoztarrak eta Prepelicek 5-0eko partziala lortu zuten eta hantxe amaitu ziren bilbotarren aukerak. Ez zuten etsi, baina nahi eta ezin aritu ziren harik eta neurketa amaitu zen arte. Azken laurdeneko 33-24 partzialak ez zuen bizkaitarren ahalegina norainokoa izan zen ikusten utzi.