2019/12/02

EDITORIALA
Mina eta injustizia, baina aurrera egiteko indarra

Hogeita bat urte igaro arren, “Egin”-en aurkako auzia ez da amaitu. Gizarte Segurantzari utzitako zorra GARA egunkariari endosatu zioten, eta ordainketa-etendura deklaratu behar izan zuen. Urte hasieran hartzekodunekin akordioa itxi ondoren, urratsak egiten ari dira ordainketa-etendura altxatzeko. Espolioaren zenbatekoa –3 milioi euro– eta ordaintzeko epea –bi urte– zehaztu eta ordaintzen hasi ondoren, orain administrazio judizialaren pean zeuden aktiboak jabeari bueltatu dizkiote. Pasa den astean, administratzaile judizialak Orain argitaletxe enpresari itzuli zizkion “Egin” egunkariak zituen ondasunak.

Pauso bakoitzarekin, “Egin”-en auziko bidegabekeriaren dimentsioa gero eta agerikoagoa da. Ondasun batzuk bueltatu dituzte, bai, desitxuratuta bada ere, baina beste batzuk bidean galdu dira. Gertatutakoaren paradigma Iruñeko bulegoa da. Letra batzuk besterik ez ziren falta ordaintzeko, eta horretarako dirua egon bazegoen, baina Auzitegi Nazionalak izendatu zuen administratzaileak ez zuen ezer egin. Eta azkenean, banketxearen eskuetan gelditu zen bulego hori. Antzeko zerbait gertatu da Hernaniko errotatibarekin. Lehenengo herdoiltzen utzi eta gero lapurrek desagerrarazi zituzten hondarrak. Eziagoko eraikinak ez du erabilera hoberik izan. Utzita egon da eta gaur egun erortzeko zorian dago. Ondasuna baino gehiago, arrisku bat besterik ez da. Eta Gasteizko bulegoa, osorik badago ere, itxiera burutu zuten indar armatuek beren mespretxuaren froga utzi zuten alde egin aurretik.

Zorrak ez dira herdoiltzen, kitatu arte betiko gelditzen dira. Ondasunak, aldiz, zaindu egin behar dira; ez bada ezer egiten ezinbestean galduko dira. Bidegabekeria egin zutenek bazekiten hori eta zorrak GARAri endosatu zizkioten bezalaxe, ondarea galtzea utzi dute. Auzi luze honetan proiektu baten suntsiketa planifikatua besterik ez da egon. Mina egin dute eta nabarmen gelditu dira; aurrera egiteko ahalegin kolektiboa hauspotu dute, ordea.