Maider IANTZI GOIENETXE
DONOSTIA
EUSKARA DEKRETU BERRIA ARABA, BIZKAI ETA GIPUZKOAKO UDALETAN

Hizkuntza politika ausartak egiteko babesa ematen die dekretuak udalei

Lakuak EAEko udaletarako euskara dekretu berria onartu zuen azaroan. Horren bidez, guztientzat arau bakarra zuen etapa itxi, eta udal bakoitzak zer hizkuntza erabili erabakiko du. UEMAk ongi baloratu du: «Urte gutxian, beste esparruek euskaran duten eragina ebaluatu behar zela esatetik, tresna hori garatu eta lege babesa edukitzera iritsi gara».

Nahiz eta ez izan eurek idatziko luketen bezalakoa, hainbat aurrerapauso ikusten ditu UEMAk Lakuak onartu duen udaletarako euskara dekretu berrian. «Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortu zenetik eduki ditugun hainbat aldarrikapen eta eskakizun jasotzen ditu eta, orokorrean, udalei dezenteko legezko babesa ematen die hizkuntza politika aurrerakoiak egin ahal izateko», agertu du Iraitz Lazkano elkarteko lehendakariak eta Elgetako alkateak.

Dekretuaren bi puntutan izan dute aitzindaritza. Alde batetik, aspalditik ari ziren Lakuari (baita Nafarroako Gobernuari ere) komentatzen udalerri euskaldunetan udalek bete behar izaten zituzten hizkuntza irizpideek ez zutela babes legal nahikorik eta hori bermatu beharko litzatekeela dekretu baten bidez. «Horren adibide dira bere garaian Urquijorekin eduki genituen gorabeherak. Gure udaletako askok aktak gobernu ordezkaritzara euskaraz bidaltzeagatik helegiteak jaso zituzten eta horri soluzio bidea eman dio dekretuak».

Bestetik, 2014an “Lurraldea eta Hizkuntza” jardunaldiak egiten hasi ziren Kontseiluarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, hainbat esparruk hizkuntzetan zuten eragina aztertuz, bereziki hirigintzak. «Gogoeta horretatik atera zen eragin hori ebaluatzeko beharra. Eta oso pozik gaude urte gutxian tresna hori behar zela esatetik tresna (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa) sortu, garatu eta lege babesa edukitzera iritsi garelako».

Udalak formatzen

Jardunaldi horietatik aparte lantalde iraunkor bat osatu zuen UEMAk UEU eta Kontseiluarekin eta EHUren graduondoko bat sortu zen hortik. «Orain, metodologia Eusko Jaurlaritzarekin egokitu dugunean, Jaurlaritzak bideratuta eman diren formazio saioetan ibili gara. Lehenengo fasea bukatu dugu. Oraindik jende asko falta da formatzeko eta hurrengo urtean jarraitzea aurreikusten dugu».

Errealitate soziolinguistikoaren arabera erantzun hagitz ezberdinak jaso dituzte. «Adibidez, arkitekto batzuk oso gustura honen jarraipenarekin pentsatzen ari diren bitartean, beste batzuek eragozpen bezala hartu dute, beraien lanean sartzen den kontu bat bezala». Orokorrean, «balorazioa ona da». Poliki-poliki teknikariak ohartzen ari dira beste esparruek ere eragina dutela euskaran.

Prebentzio ikuspegi batetik

«Guk udalerri euskaldunetarako landu genuen metodologia; dekretuak, aldiz, udalerri guztiei eragiten die. Orduan, Jaurlaritzarekin metodologia hori moldatu dugu eta udalei erraztasunak emateko bi aplikazio sortu ditugu».

Nafarroako hainbat udal eta teknikarik ere agertu dute interesa eta eurekin ere egin dute formakuntza.

Saio horietan, oinarrian zer dagoen azaltzen dute: «Euskara zerbitzuetatik harago beste zerbitzuetan hartzen diren erabakiek eragin handia dute egoera soziolinguistikoan. Gure ardura da prebentzio ikuspegi batetik eragin hori aurreikustea eta eragina negatiboa den kasuetan neurri zuzentzaileak hartzea. Horren inguruko aholkuak ematen dizkiegu eta gero metodoa bera erakusten diegu, adibide praktiko batzuekin».

UEMAren ikuspuntua udalerri euskaldunei begirakoa da eta euskararekin lotutako gaietan «beti tiraka» joanen dira. Baina, Lazkanoren iritziz, «orokorrean, nahiko ondo egindako bide bat» izan da eta euren aldarrikapen historikoak izan diren zenbaitzuk jaso dira, arnasguneena kasu. «Urte pilatxoa goaz arnasguneen babesaren inguruan hitz egiten eta dekretu honek lehenengo aldiz jasotzen du arnasguneen aitortza. Arnasguneak ondo definituta gelditu dira».

Eragin linguistikoari dagokionez, orain lau urte hasi zen lanketa bat, «inork ezagutzen ez zuena, eta lau urteko epean lege mailako dekretu batean sartua egotea nahiko azkar eta ondo bideratuta egin den kontu bat» izan dela ikusten du.

2020ari begira, dekretuan udalei ordenantza bidez hainbat kontu zehazteko eskumena ematen zaienez, UEMAren egitasmoa da ordenantza proposamen bat egitea, bereziki Eragin Linguistikoaren Ebaluaziorako. «Azkenean, dekretuak hori egin beharra zehazten du, baina horren jarraipenerako metodoak ez daude planteatuta. Hori dena zehazteko ordenantza bat lantzea pentsatzen ari gara. Gero, noski, metodologia zenbat eta gehiago aplikatu, jarraikortasun batekin hobetzen joateko asmoa dugu», azaldu du Iraitz Lazkanok.

«Egunero euskaraz egitea kostatzen zaigu»

Maria Jose Blanco Portugaleteko euskara zinegotziak ez du uste dekretuak udal funtzionamenduan gehiegi eraginen dienik. «Azkenean, dekretuak hizkuntza eskubideak ziurtatzen ditu. Gurean errespetatzen dira. Elebitasunaren aldeko apustua egiten dugu. Portugaleteko errealitate soziolinguistikoak elebitasun hori eskatzen digu, herritarrekin gaztelaniaz zein euskaraz komunikatzeko gaitasuna».

Gero eta euskal hiztun gehiago dago Ezkerraldeko herri honetan (2016an %26 ziren). «Euskararekin gutxi gorabehera molda gaitezkeen gehienok euskaldun berriak gara. Baina gaztelaniaz soilik dakien jende kopuru handi bat ere badago». Laugarren Euskara Planarekin dabiltza. Hori dute bide-orria. Ezagutza pila hobetu da. «Eusko Jaurlaritzak eskatzen dituen profilak betetzen ditugu. Baina egunerokoan euskaraz egitea kostatzen zaigu, bai udaletxean bai kalean. Horri bultzada emateko jaio zen Euskaraldia. Gurean oso erantzun ona izan zuen: 3.000 pertsonak baino gehiagok eman zuten izena, belarriprest edo ahobizi bezala. Eta asko sumatu zen kalean».

Horretan sakontzea da ideia, «inor ez dadin lotsa euskaraz ez hain ongi mintzatzeaz eta saia dadin. Ni neu euskaldun berria naiz eta elkarrizketa luzeetan esan nahi dudana ondo esatea kostatzen zait. Portugaleteko errealitatearen isla naiz». Badakite aldaketa ez dela egun batetik bestera gertatuko. «Denboran egin dugu lan eta egiten jarraitu beharko dugu».

Portugaleten, udala eta herritarrak nolabait batera doazela iruditzen zaio Blancori. «Gauza askotarako motorra izan behar du udalak, aldaketa gerta dadin, baina ez da eragile bakarra. Eskutik joan behar dugu».

Euskaldun zaharrak diren edo biztanleriaren gehiengoa euskalduna duten beste udalerri batzuekin alderatuz, zailtasun «oso ezberdinak» dituzte. «Onintza Enbeitaren hitzaldi bat izan genuen Euskaraldian eta asko gustatu zitzaidan euskaldun berriak boteretzearen aldeko bere mezua, ez gaitezen atzean geratu izan dezakegun euskara prekarioagoa delako». Ildo horretan ari dira lanean.M. I.

«Hizkuntza gaietan, beti bezala, aholkuetan gelditzen gara»

Malores Etxeberria eta Kristina Korella Hernaniko Udaleko euskara teknikariek nabarmendu dute dekretu honek txapel juridiko bat jartzen diola dagoeneko, udal batzuetan behintzat, aspalditik egiten ari diren lanari. «Gertatu izan zaigu dirulaguntza oinarri batzuk argitaratu eta hizkuntza klausula bat zegoelako, gure ustez oso logikoa, helegite bat etortzea eta horren aurrean exijentzia jaitsi beharra. Horretan ematen digu babesa».

Udal barruko harreman gehien-gehienak euskara hutsez dira: batzordeak, bilerak, komunikazioak, lan kontratuak, dekretuak, aktak… «Aspaldidanik daukagu izendatuta euskara lan hizkuntza, baita ahozkoan ere. Eta ekintzak sustatzen ditugu langileek euskaraz egiteko. Herritarrei begira, gure irizpidea da ahal den guztietan euskaraz egitea, ez ele bitan. Jakina, guztien hizkuntza eskubideak bermatuz». Langile gehienek euskaraz sortzen dute. Baina testuak batzuetan konplexuak dira, ez daude sobera zuzen idatzita, eta kalitatea dute hobetzeko. Udalak enpresak azpikontratatzen dituenean horiek hizkuntza irizpide batzuk bete behar dituzte eta horien jarraipena dute hobetzeko.

Hernaniarren %61ek dakite euskaraz, %16 hartzaileak dira eta %22 inguru erdaldunak. Kaleko erabilera %30en bueltan dago. Ohiturak aldatzeko egin zuten iaz “Euskara ari du” egitasmoa. «Gurea bada euskara erdigunean daukan udal bat. Baina horrek ez du esan nahi emaitzak beste inon ez bezalakoak direnik». Euskara teknikariek uste dute dekretua lehenago ere etor zitekeela eta aukera eman instituzioei aurretik joateko benetan. «Orokorrean, ez goaz aurretik».

UEMAk eta Lakuak emandako formazioetan parte hartu dute. «Eskertzeko moduko lana egin dute. Gure iritziz, herren gelditzen den alderdi bat izan da proiektuen eragin linguistikoa neurtu ondorengo esku-hartzea. Ingurumen gaietan dauden neurriak bete beharrekoak dira eta betetzen ez badira zigorrak daude. Hemen, neurriak ez dira betebeharrak, aholkuak dira. Hizkuntza gaietan beti bezala aholkuetan gelditzen gara».M. I.