Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO KULTURA

«Mendi»-ren hamabigarrena prest

Heldu den ostiralean, euskal mendi zinemaldiak ateak zabalduko ditu. Sail Ofizialean, denera, 56 pelikula lehiatuko dira.

Mendi Zinemaren Nazioarteko Elkargoak (IAMF) 26 kide ditu, eta horietako bat Bilbao Mendi Film Jaialdia da. Urtea amaitzear da, eta mendiko zinema sustatzen duten ordezkari horien azken-aurreko txanda “Mendi”-rena da. Heldu den ostiralean, ateak zabalduko ditu; itxi, berriz, hilaren 15ean. Hamar egun, beraz, mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaien inguruko jaialdiaz gozatu ahal izateko.

Motorrak berotzeko, euskal mendi zinemaldi horren antolatzaileak zein babesleak atzo hedabideen aurrera azaldu ziren hamabigarren ekitaldiaren berri emateko. Ohi den legez, bi ardatz izango ditu. Jakina denez, aurkeztu diren ekoizpenek lehentasuna edo protagonismo berezia izango dute. Lehendabizikoaren osagarri den bigarren ardatzak, berriz, sormen lan horiek “apainduko” ditu. Eta hori guztia aurrera eramateko, Jabi Baraiazarrak zuzentzen duen taldeak egitarau zabala eskainiko du.

Agerraldian aurreratu zutenez, aurtengo ekitaldirako 29 herrialdetatik bidalitako 172 zinta jaso dituzte; hau da, inoiz izan den kopururik handiena. Galbahe lanak egin eta gero, 56 izango dira Sail Ofizialak banatzen dituen sariak lortzeko hautagaiak. Hautatuak izan direnen artean azpimarratzekoa da 13 Espainiako Estatuko filmak direla, eta 11 Ameriketako Estatu Batuetakoak. Kanadakoak 7 dira, Alemaniakoak eta Erresuma Batukoak 5, Austriakoak 4, Frantziako Estatukoak 3, Australiakoak eta Italiakoak 2 eta bana Greziakoa, Errumaniakoa, Esloveniakoa eta Poloniakoa.

Prentsaurrekoan honako beste datu esanguratsu hau eman zuten: nazioarteko 39 estreinaldi izango dira. Eta Euskal Herrikoak 15. Euskal ekoizpenak aipatu ditugunez, Sail Ofizialean bederatzi lan ikusgai izango dira: “Artiko”, “Burdinura”, “Chhaupadi”, “Cholitas”, “Circle of the Sun”, “Elur Goritan”, “Harria Herria”, “Natura Bizia” eta “Vergüenza”.

Sail horrek beste bi “kide” izango ditu alboan: Zabalandi atal berrian (lehiaz kanpo) 3 film ikusi ahal izango dira: “Jurek”, “La voz de Iñaki” eta “Eskalada jasangarria Gipuzkoan”.

Eta Mendi Short film labur amateurren lehiaketako irabazlea izan denak ere protagonismoa izango du.

“Mendi”-ren Sail Ofiziala aipatu dugunez, aurreratu behar dugu hamabigarren ekitaldiaren epaimahaikideak honakoak direla: Mirella Tendeneri (idazlea), Rosana Stedille (Trentoko Film Jaialdiaren zuzendaria), Irene Larraza (Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria), Keith Partridge (zinemagilea eta IAFM 2019 sariduna) eta Gaizka Bourgeaude (kameraria eta argazki zuzendaria zineman). Bost aditu hauek adostu beharko dute sari nagusia edo pelikula onenaren saria nork jasoko duen. Baina sari nagusi horretaz gain, beste hamar banatuko ditu. Horietan, besteak beste, zuzendari, gidoi eta argazkilaritza onenak aitortzen dira. Bada beste sari bat epaimahai horren esku geratzen ez dena, eta ohore hori ikusleena izango da.

Eta hasteko, baieztatu daiteke jaialdia indar handiarekin hasiko dela; izan ere, “Ostatnia Gora (The Last Mountain)” filmak zabalduko du Sail Ofiziala. Poloniarrek 2018ko neguan K2 mendian eginiko saioa jasotzen du. Aurkezpen horretan Dariusz Zaluski zuzendaria eta Krysztof Wielecki protagonista izango dira.

Zuzendari poloniarra aipatu dugu, baina lehen lerroko beste hainbat ageri dira Sail Ofizialean, hala nola: Peter Mortimer, Alastair Lee, Mike Douglas...

Egitarau zabala

Irakurtzen den bezala, pelikulek eta batez ere Sail Ofizialean lehiatuko direnek protagonismo berezia izango dute. Baina arestian aurreratu dugunez, bigarren ardatzari helduko diogu; hamabigarren ekitaldi hau biribiltzeko balioko duena.

Eta hain zuzen ere, beste mendi zinemaldi guztietan bezala, ekitaldi paraleloen inguruko zenbait zertzelada emango ditugu. Lehenik eta behin, mendizaletasunaren giza balioen defentsa eta transmisioa saritzen dituen WOP-The Walk On Project Fundazioa saria. Omenaldi hori Nives Meroi eta Romano Benet alpinista italiarrek jasoko dute. Izan ere, hamalau zortzimilakoen zerrenda oxigeno artifizialik erabili gabe eta garaieran lanean direnen laguntzarik gabe osatu zuen bikote horrek. Helburu hori aurrera eramaten ari zirela, Benetek gaixotasun larria izan zuen. Etena egin zuten, eta gero, berriro proiektuan buru-belarri sartu eta amaitzea erdietsi zuten.

Atzo aurkeztutako egitarauak hitzaldiei tarte zabala eskaintzen die. Gai ezberdinak jorratuko dituzte atzerriko zein etxeko hizlariek: Christian Pondella, Andoni Ormazabal, Ana Zamorano, Zigor Madaria, Cecylia Kukuckzka...

Bestalde, aurtengo ekitaldian erakusketek ez dute hutsik egingo. Ricardo Montorok, adibidez, “Viento del Norte” margolanak erakutsiko ditu. CVCEPhoto mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketaren ale ederrenak ere ikusgai izango dira. Edo Jerzy Kukuczari egingo zaion omenaldian “Shisha Pangma 1987” argazki erakusketa antolatu dute.

Gogoratu behar dugu hamabigarren edizioaren kartel ofiziala “Top of Africa” dela. Christian Pondella argazkilari estatubatuarra da egilea. Irudi hori CVCEPhoto lehiaketan finalista izan zen.