Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Disko bikoitzean bildu ditu Xabi Solanok kanta berriak eta bertsioak

Edukiz eta kolorez bete du Xabi Solanok bakarka egin duen azken lana, «Bi». Disko bikoitza da; lehenak 13 kantu berri ditu, bigarrenak hamar, kutunak dituenak bertsionatuak. Kolaborazio ugari izan ditu eta, letrak idazteko, bidelagun izan du beste behin Jon Garmendia «Txuria».

Lan bat kaleratzen duen bakoitzean «sorpresatxo bat» ematea gustatzen ei zaio Xabi Solanori (Hernani, 1978). Kontatu zuenez, “Ereñotzu” aurreko lanean partiturekin liburu bat eranstea izan zen entzuleari eskainitako «plus» hura. Eta oraingo honetan diskoan bertan dago ezustea, bikoitza baita. “Bi” izena du eta estudioko bigarren lana du. Lehenengoak kolore zuria du eta Valentzian ekoitzi du, Mark Dasousarekin. Bigarrena, berriz, azala beltzez jantzita dator eta Haritz Harreguyrekin egin du, Euskal Herrian.

Disko honekin «urratsa» egin duela aipatu zuen atzo goizean, Donostian egin zuen aurkezpenean. Buelta asko eman ondoren etxean estudio txiki bat muntatzera animatu baita eta guztia bertan grabatu du. «Bueno, guztia bateriak izan ezik, bizilagunak, badakizue…», aipatu zuen irriz. «Nabari da etxean grabatua dagoela, goxotasuna du, adiskidetasuna dario oso momentu onak igaro ditugulako elkarrekin lanean ari ginela», erantsi zuen.

Musikalki trikitia da ardatz nagusia, baina esan zuenez, rock ukitu bat ere badu, aurrekoetan baino zertxobait gehiago, nahiz folkaren uretan murgiltzen den diskoa izan.

Lehenengo diskoan hamahiru kantu berri bildu ditu eta lan horietan bidelagun izan du, beste behin, Jon Garmendia Txuria. Maiatz inguruan jarri ziren letrekin lanean, zer kontatu nahi, nola kontatu nahi adosten. «Kantuak niri buruz ari dira, nire beldurrak, nire zalantzak… nire burutik eta barrutik igarotzen direnak. Aitatasunetik ere hitz egiten dut eta nire alabari ere eskaini diot abesti bat, ‘Nei’. Neure burua errekonozitzen dut letra hauetan», esan zuen musikariak. “Mendi tontorrean”, “Leiho txiki bat”, “Udaberriko enarak” eta “Ilargi gabeko gauak” kantuek osatzen dute, besteak beste, lanaren lehenengo atala.

Talentu berriak

Izpiritu bertsua izan arren, «positibismoa, alaitasuna», bigarren diskoa beste kontzeptu bat da, ez dira abesti berriak, maite dituenen bertsioak baizik. Alaitz eta Maiderren “Amets bat”, Tapia eta Leturiaren “Maitatzen zaitudalako”, Itoizen “Espaloian” edo Negu Gorriaken “Gora herria” entzun daitezke, beste batzuen artean. Beste sortzaileen letrak eta kantuak biltzeaz gain, hauek bertsionatzeko Solano ez da jatorrizko ahotsetara joan, baizik eta talentu berrien bila aritu da kolaborazioak egiteko. Ahots berriak interesatzen zitzaizkion, gazteak, sortzen ari diren belaunaldi berria. Hortxe topatu omen ditu «oso gauza interesgarriak», hernaniarraren hitzetan. Nogen eta Sua dira adibide bi. Bere arreba Kristiñe Solano eta A.MA.K. taldea ere izan ditu alboan “104 ilargi bete” abestian. Guztira, sei kolaborazio izan ditu.

Formatu luze edo bikoitzarekin, modan dauden eduki laburreko diskoetatik atera da, hala nahi izan du, mamia eman nahi zuelako, kanta sorta eder bat. Uste du entzuleak eskertzen duela bilduma eskaintzen zaionean.

Disko formatu klasikoan ez ezik, “Bi” USB bertsioan atera da «gaur egun kotxe askok ez baitute CDak entzuteko aukera ematen», justifikatu zuen. Hala ere, Durangoko Azokan baino ez da egongo eskuragarri USB formatuan.

Lana zuzenean aurkezteko saioa ostiralean izango da Durango Azokaren barruan, 16.00etatik aurrera, Landakon. Ekitaldi berezia izango dela aurreratu dute.