GARA
GASTEIZ

Larriki gaixo dauden presoei buruzko hitzaldiari eutsi diote

EHUren Gasteizko campuseko ikasle talde baten ekimenez gaixotasun larriak dituzten presoen inguruan Sarek deitu duen hitzaldiari eutsi diote, Jose Ramon Lopez de Abetxuko preso ohiaren parte hartzea dela-eta bertan behera uzteko eskaerak gorabehera.

“Larriki gaixo dauden presoak etxera” goiburuarekin, hitzaldia eskainiko du Jose Ramon Lopez de Abetxuko preso ohiak, Txema Matanzas abokatuarekin batera, gaur eguerdian, 12.30ean, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gasteizko campuseko ikasgelategian.

Hitzordua bertan behera uzteko eta xede horrekin EHUri presioa egiteko kanpaina mediatiko eta politiko handia izan da azken egunotan, tartean Covite bezalako elkarteek hauspotuta. Gobernu espainolaren EAEko ordezkari izan zen Carlos Urquijo buru duen Esteban de Garibay elkarteak elkarretaratzea ere deitu du.

Oldarraldi honen aurrean, Sareko eledun Joseba Azkarragak azpimarratu zuen «inork» ez daukala Lopez de Abetxukoren adierazpen askatasuna «murrizteko eskubiderik» eta «biktimen mina» modu «alderdikoian» erabiltzeari uzteko eskatu zuen. Gaur jorratzekoa den gaia Sarek erakunde desberdinetara eraman izan duela gogoratu zuen Azkarragak eta, gaurkoan, «beti bezala», «biktima guztiekiko erabateko errespetuz» ariko direla adierazi zuen.

Gobernu espainolaren ordezkaritzan Urquijoren lekukoa hartu zuen Jesus Lozak ere bat egin zuen bertan behera uztearen aldeko eskaerekin, baina EHUk ez duela ekitaldia debekatuko jakinarazi zuen. Nolanahi ere, «sentsibilitatez» jokatzeko eskatu zion Sareri.

Sortuk, bere aldetik, preso ohiaren aurkako «jazarpena» gaitzetsi zuen ohar bidez.