GARA
DONOSTIA

Valentin Larrea Yturbe oroitzeko kontzertua egingo dute Zarautzen

Valentin Larrea Yturbe konpositorearen pianorako kontzertu bat eskainiko du Itxaso Aristizabal musikariak Zarauzko Modelo aretoan, 20.00etan, ostiralean.

Kontzertu honek duen berezitasuna da familiak sustatutakoa dela, bilobek ez baitute inoiz aitonaren musika entzun. Konpositorearen alabak, Maria Luisa Larreak, «arduraz gorde zituen bere aitaren partiturak eta haien etorkizunaz kezkatuta Eresbil Fundazioan utzi zituen han gorde zitzaten», azaldu du familiak.

Hala, Valentin Larrearen musika «ahaztua» izan zen, etxe aldaketa batean, Maria Luisa Larrearen kaxa batean, eskuz idatzitako partituren kopiak azaldu ziren arte.

Bilobei «onartezina» iruditzen zitzaien haiek musikazaleak izanda aitonaren obrarik ez ezagutzea, eta horregatik kontzertu bat prestatzea erabaki zuten. Bideragarriena pianorako obran zentratzea iruditu zitzaien eta hilabeteko lanaren ostean emanaldia aurrera ateratzea lortu dute.

Iruñean ezkondua

Valentin Larrea Yturbe pianista eta konpositorea Gabirian jaio zen 1876an. Txikitatik azaldu zuen musikarako dohaina eta bere aita Meliton Larrea Perez de Lazarraga organo irakaslearekin egin zituen lehen ikasketak. 17 urterekin Madrilgo Musika eta Deklamazio Eskola Nazionalean sartu zen eta bertan gorenetako kalifikazioak lortu zituen.

1898ko urrian Iruñeko Nuevo Casino Eslavako pianista izateko oposizioak egin ostean postua irabazi zuen. Teresa Auzmendirekin ezkondu zen Iruñean eta bertan bizi izan zen 93 urterekin hil zen arte. Zarautzekin harreman estua izan zuen bere alaba bertan ezkondu zelako, eta urtero oporretan joaten zen bertara.